Joan eduki nagusira

zoom Francisco Javier Echarte Ayerra

Francisco Javier Echarte Ayerra

Erabiltzaileek argazkiak, bideoak, dokumentuak, musika, web-orrialdeak, eta abar partekatzean, gizarte sareetan eta lankidetza eremuetan beren informazioa sailkatzeko erabiltzen duten gaur egungo etiketa sistema hobetzen duen metodo bat da. Horixe izan da Francisco Javier Echartek egin duen tesiaren helburua, egiaztatu ondoren “webgunean informazioa sailkatzeko modu tradizionalak ez direla egokienak azken erabiltzaileentzat, erreztasuna eta azkartasuna behar baitute”.

Azaldu duenez, “holako guneen informazioa automatikoki, eta erabiltzaileentzat garden sailkatzen duen metodo bat da. Esperientzia hobetzen du eta nabigazio forma berriak erabiltzen ditu, gaur egungo sistemekin alderatuz, informazio garrantzitsuagoa, modu errazagoan eta klik gutxiagorekin lortzea ahalbidetzen duela”. Doktoretza tesia gertaera batean oinarritu zuen, gizarte sareak, blogak eta Wikipedia bezalako lankidetza inguruen sorrerak Interneten dabilen informazioa biderkatu duelakoa, alegia. ”Erabiltzaileek aukera izan behar dute informazioa modu errazean sailkatzeko, ondoren, bai beraiek bai gainerako erabiltzaileek informazio hori erraz eskuratzeko”.

Etiketa kolaboratzaileen sistemak edo folcsonomiak, Flickr edo Delicious bezalako guneetakoak, erabiltzaileek egindako katalogazioen emaitza dira: erabiltzaile guztien artean, etiketen bidez, informazioaren semantika definitzen duten erabiltzaile anitzen elkarreraginean oinarritzen dira. Hortaz, hainbat erabiltzailek elkarrekin erabiltzen badituzte “museo” eta “arte” etiketak, nolabaiteko harremana ezar daiteke haien artean; eta bi etiketak hainbat baliabidetara esleituta badaude, etiketa horien semantikarekin ere lotuta daudela ezar daiteke. “Hala ere, oso erabilia bada ere, sistema honek baditu hainbat akats informazioa berreskuratzeari dagokionez. Arazoak daude aldaera sintaktikoak, sinonimoak edo polisemia erabiltzearekin, edo erabiltzaileek baliabide berberarekin egin ditzaketen interpretazio ezberdinekin”, azaldu du Francisco Javier Echartek.

Informazio garrantzitsuagoa

Jada dagoen folcsonomia batetik abiatuz, baliabide multzo bat (dokumentuak, musika, bideoak, aipu bibliografikoak, etab.) eta esleitutako etiketa multzo bat dauzkana, tesi honetan proposatzen den metodoak, AcoAR izenekoak, automatikoki sortzen du baliabide horiek sailkatuta biltzen dituen kontzeptu multzo bat.

Metodo berri honek beste teknika batzuk baino emaitza hobeak eskaintzen ditu, eta kostu nabarmen txikiagoan. Gainera, informazioa berreskuratzeko bidea ematen du beste modu alternatibo batzuetan. “ACoAR baliabideak zuzentasun maila handiarekin sailkatzeko gai da, baita jada dagoen folcsonomia batetik abiatuz hasierako sailkapena sortzeko ere, eta bere bilakaeran gehituz egokitzeko, baliabide berriak sailkatuz eta kontzeptu berriak sortuz”.

Ikerketa honen garapenean, zehaztutako ezaugarri batzuk zituen prototipo bat sortu zen, eta egiaztatu zen erabiltzaileak informazio garrantzitsuagoetara iristen zirela, azkarrago, eta gutxiagotan klikatuz.

“Un método incremental para la clasificación automática y semántica de recursos en sistemas de etiquetado colaborativo” izeneko doktoretza tesiak bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du. NUPeko Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko Jesús Villadangos Alonso eta Alberto Córdoba Izaguirre irakasleek zuzendu dute.

Francisco Javier Echarte Ayerra informatika ingeniaria da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun Nafarroako Osasun Zerbitzuan jarduten du historia kliniko informatizatuen eta irudi mediko digitalen produktuen kudeaketari gisa. Hori baino lehen, Biko2 enpresan lan egin zuen proiektuen buru eta garapen arloko arduradun, eta informatika teknikari lanetan Transportes Olloquiegui enpresan.