Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa berriz ere lehenengo tokian dago Espainiako unibertsitateen artean, irakaskuntzaren kalitateari eta ikasle berriak erakartzeko ahalmenari dagokienez, “Conocimiento y Desarrollo” fundazioaren txosten baten arabera. Azterlan honetan 2008-09 ikasturteko eta Espainia osoko 47 unibertsitate publiko presentzialetako datuak jaso dira.

Fundazio honek egin duen ranking hori unibertsitate arloan esanguratsuak diren aldagai sorta baten bidez ateratako balioen emaitza da; esaterako, ikasle berriak erakartzeko ahalmena, irakaskuntza kalitatea, doktoretzaren kalitatea edo ikerketa kalitatea. Aldagai horietako bitan, irakaskuntza kalitatean, eta ikasle berriak erakartzeko ahalmenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehenbizikoetakoa dago rankingean. Irakaskuntza kalitatearen kasuan, NUPek aurrera egin du eta lehen bost unibertsitateen artean kokatu da.

Irakaskuntza kalitatearen kontzeptua zortzi adierazleren bidez aztertu da. Hautatu den lehen multzoa irakaskuntza eraginkortasuna neurtzeko erabili ohi diren bi adierazleri buruz ari da, hau da, ikasketak uzten dituzten ikasleen tasa, titulazioa ikasturte jakin batean amaitu behar, eta matrikula ez ikasturte horretan ez aurrekoan egin ez duten ikasleen ehunekoa (zenbat txikiagoa izan balioa, unibertsitateak kokapen hobea izango du zerrendan); eta errendimendu tasa, matrikulatutako kreditu kopuru osoarekiko gainditu diren kredituen ehunekoa. NUPen errendimendu tasa % 72,59koa da, eta horrek bosgarren jartzen du rankingean.

Hautatu den bigarren multzoa irakaskuntza baliabideei buruz ari da. Txostenean kontuan hartu diren datuak dira zenbat eserleku dauden liburutegian, informatika gelak, irakasle bakoitzak duen ikasle ratioa, unibertsitatearen lurralde eremu kanpoan bizi eta matrikulatu diren ikasleen ehunekoa, edo gastu korrontea ikasle bakoitzeko. Azken adierazle honi dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa zazpigarren lekuan dago. Aurretik daude, esaterako, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Euskal Herriko Unibertsitatea edo Kantabriako Unibertsitatea.

CyD fundazioaren txostenak laugarren lekuan jartzen du NUP irakaskuntza kalitatean, Pompeu Fabra Unibertsitatearen, Zaragozako Unibertsitatearen, eta Lleidako Unibertsitatearen atzetik.


Ikasle berriak erakartzea


Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehen hamar unibertsitateen artean kokatzen da, ikasle berriak erakartzeko adierazleari dagokionez. Fundación Conocimiento y Desarrollo fundazioak, kasu honetan lau adierazle balioesten ditu. Lehena, eskaintzen diren ikaspostu guztiei dagokienez lehen aukera aurreinskripzioa egiten duten ikasleen ehunekoa, eskatzen diren ikaspostuen eta eskaintzen diren ikaspostuen arteko maila erakusten duena. Bigarrena, beren lehen aukeran azkenik matrikula egiten duten ikasleen ehunekoa, sartzen diren ikasle berrien kopuruarekin alderatuz; horrek eskariaren asebetetasun maila emango luke. Erabilitako hirugarren aldagaia batez besteko sarbide nota da eta, laugarrena, unibertsitatearen lurralde eremutik datozen ikasle berriak erakartzeko ahalmena.

Lehen adierazleari dagokionez, txostenak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kokapena nabarmentzen du, Euskal Herriko Unibertsitatearekin edo Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera, non eskainitako ikaspostu bakoitzean aurreinskripzioa egindakoen kopurua % 160tik gorakoa baita. Bestalde, NUPen lehen aukeran aurreinskripzioa egin eta matrikulatutakoen ehunekoa % 88,7 da sartu berri diren ikasle guztien kopuruarekin alderatuz.