Guztira 2.613 ikasle nafarrek ekainaren 8, 9 eta 10ean egingo dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak, Hautaprobak deitzen direnak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako campusetan. Iaz baino 369 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.244 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatutako ikasle kopuru osotik, 1.539 emakumeak dira, % 58,89; hau da, ehunekoa puntu bat baino gehixeago (% 60,1) jaitsi da iazkoaren aldean. Gainerako 1.074ak gizonezkoak dira (41,18%), Unibertsitatean Sartzeko 2010eko Hautaprobetan baino kopuru handixeagoa. Bestalde, guztira 1.990 ikaslek egingo dituzte hautaprobak gaztelaniaz, eta gainerako 623k euskaraz.
Deialdi honetako berrikuntza nagusia da Lanbide Heziketako Goi Mailako zikloa bukatu duten ikasleek aukera dutela nota igotzeko, fase espezifikora borondatez aurkeztuta, matrikula egin nahi duten karrerarekin lotutako irakasgaien azterketa eginez. Soilik fase espezifikoan matrikulatu diren ikasle kopurua 216 da, eta horietatik bi heren LHko prestakuntza zikloetatik datoz.
Ikasle gehien-gehienek, 2.241 zehatz-mehatz, fase orokorra eta fase espezifikoa egingo dute. Aldiz, beste 156k matrikula egin dute soilik fase orokorra egiteko.
Unibertsitatean Sartzeko Probaren eredu hau, fase orokorra eta fase espezifikoa dituena, abian jarri zen aurreko ikasturtean. Arautegi honen arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat dituzte, zeinak fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen baitie ikasleei, eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.
Ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren mailako hiru modalitate-irakasgaitako azterketak egin ahal dituzte. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.
Era berean, iaz bezala, Unibertsitatean Sartzeko Hautaprobarako bigarren deialdia ez da irailean izango. Ohiz kanpoko deialdia ekainaren 29 eta 30ean eta uztailaren 1ean egingo da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Iruñeko Arrosadiko campusean egongo dira, eta seigarrena, Tuterako campusean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak Unibertsitatearen (www.unavarra.es) web-orrialdean daude kontsultatzeko.
Hautaproben egutegia
Probak ekainaren 8an, astezkenean, 9:30ean hasiko dira, Gaztelania eta Literaturako azterketarekin eta Espainiako Historia/Filosofiaren Historiako azterketarekin, zeina 11:45ean hasiko baita. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute ikasleek.
Ekainaren 9an, ostegunean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntzako eta Literaturako azterketarekin. 10:45ean, Biologiako, eta Geografiako azterketak egingo dira, eta 13:00etatik aurrera Fisika, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika eta Musika Analisia II irakasgaietako azterketak egingo dira. Arratsaldean, azterketa 16:30ean hasiko da, Kimikako eta Artearen Historiako azterketekin, eta Latinekoak eta Marrazketa Teknikokoak 18:45ean hasiko dira.
Probak ostiralean, ekainaren 10ean, bukatuko dira, eta egun horretan 8:30etik aurrera, Matematika, Greziera eta Adierazpen Teknikak irakasgaietako azterketak egingo dira. 10:45ean, Diseinua, Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak, eta Musikaren eta Dantzaren Historia irakasgaietakoak egingo dira, eta 13:00etan, berriz, Industria Teknologia, Enpresaren Ekonomia eta Ikus-entzunezkoen Kulturako azterketak hasiko dira. Azkenik, azterketak arratsaldean bukatuko dira Literatura Unibertsalarekin eta Elektrotekniarekin, eta Marrazketa Artistikoarekin (Sario eraikinean). Azterketa horiek guztiak 17:00etan hasiko dira.