Julio Lafuente López katedradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore karguaren jabetza hartu du gaur, ekainaren 3an. Ekitaldia Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan egin da, eta bertara agertu dira Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Unibertsitateko kideen ordazkari asko ere bai. Lafuentek Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariaren aurrean hitz eman du, eta lehendakariak eman dio aginte makila. Ekitaldi berean, errektorearen zuzendaritza taldeko kideek ere beren karguen jabetza hartu dute.
Ekitaldian errektorearekin batera egon dira Nafarroako agintari nagusiak, horien artean Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; Yolanda Barcina Iruñeko alkatea; eta Elma Sainz Gobernuko ordezkaria Nafarroan. Era berean, bertan egon dira Ángel Gómez Montoro Nafarroako Unibertsitateko errektorea, eta NUPekin batera Nazioarteko Bikaintasun Campusa osatzen duten unibertsitateen instituzioaren ordezkaritza bat. Zehazki, José María Martínez de Pisón Errioxako Unibertsitateko errektorea, eta Fernando Zulaica Palacios Zaragozako Unibertsitateko Ikasleen eta Enpleguaren arloko errektoreordea egon dira.
Ekitaldiari hasiera eman zaio Nafarroako Gorteen Ereserkiaren interpretazioarekin, Goi Mailako Musika Eskolako Metalen Taldearen eskutik. Soledad Barber Unibertsitateko idazkari nagusiak irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Julio Lafuente López izendatzen duen Foru Dekretua.
Jarraian, Lafuente katedradunak hitz eman du Konstituzioaren, Hobekuntzaren eta NUPeko Estatutuen aurrean, honako formula honen bidez: “Nik, Julio Lafuente Lópezek, hitz ematen dut, nire kontzientzia eta ohoreagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore karguaren eginkizunak zintzo bete, erregeari men egin, eta Estatuaren funtsezko araua den Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, eta Unibertsitatearen Estatutuak bete eta betearaziko ditudala”. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak agintari-makila eman dio ondoren.
Zuzendaritza taldearen kargu hartzea
Errektorearen hitzaldiaren ondoren, ekitaldiak jarraitu du zuzendaritza taldearen kargu hartzeekin. Taldea hauek osatzen dute: zortzi errektoreordek, idazkari nagusiak eta kudeatzaileak. Hitz ematen lehena Javier Echeverría Martorell idazkari nagusia izan da, eta jarraian, taldeko kide guztien izendapen ebazpenak irakurri ditu.
Honako hauek osatzen dute taldea: Alfonso Carlosena García, Ikerketarako errektoreordea; Manuel Rapún Gárate (Ekonomia, Prospektiba eta Plangintzako errektoreordea); Eloísa Ramírez Vaquero (Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea); Paloma Vírseda (Ikasleen Gaietarako errektoreordea); María José Asiain Ollo (Irakasleen Gaietarako errektoreordea); Jesús María Pintor Borobia (Irakaskuntzako errektoreordea); Javier Casalí Sarasíbar (Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordea); eta José Ramón Alfaro López (Tuterako campuseko errektoreordea). Jabetza hartu duen azken kidea Pedro Iraizoz Munárriz izan da, kudeatzaile kargua berriz beteko duena.
Ekitaldia amaitzeko, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria mintzatu da, eta Goi Mailako Musika Eskolako Metalen Taldeak eta Unibertsitateko Abesbatzak Gaudeamus Igitur interpretatu dute.
Errektorearen profila
Julio Pedro Lafuente López (Zuera, Zaragoza, 1951) Matematikan lizentziatu zen (1973) eta doktoretza egin zuen Zaragozako Unibertsitatean (1977), eta han irakasle aritu zen 1973tik 1989ra arte. Urte horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen, Algebrako katedradun lanpostuan.
Hiru doktoretza tesiren zuzendaria da, eta hainbat ikerketa-lan egin ditu. Hauetako batzuen emaitzak gaiari buruzko testu kanonikoetan ageri dira, hala nola Finite Soluble Groups, Doerk eta Hawkesena, eta Classes of Finite Groups, Ballester-Bolinches eta Ezquerrorena. Haren ikerketa-lerroek gai hauek hartzen dituzte: talde finituak, taldeen motak, jatorrizko taldeak, taldeen irudikapenak eta kohomologia eta kodeak.
Bi urtez parte hartu du, Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionaleko (CNEAI) kide gisa, Matematika eta Fisiken arlo zientifikoan, eta 1989az gero, diruz lagundutako zazpi ikerketa-proiekturen ikertzaile arduraduna izan da, horietatik bost Hezkuntza Ministerioak diruz lagunduak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren hainbat titulaziotan, irakasgai hauek eman ditu: Algebra, Kalkulu eta Aljebraren Gehipena, Kodeak eta Kriptografia eta Informazioaren Teoria eta Kodifikazioa.
Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, kargu hauek izan ditu: Ikerketa batzordeburuordea Batzorde Kudeatzailean, Matematika eta Informatika Sailaren zuzendaria, Ikerketa errektoreordea, Irakasleen Gaietarako eta Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea eta Unibertsitatean Sartzeko Proben koordinatzaile nagusia.