

Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordea, Sebastiá Xambó y Esteban Indurain, erakusketaren inaugurazio ekitaldian.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Xambó Descamps RSMEko kide eta Imaginaryko koordinatzaile nagusiak, eta Alfonso Carlosena García NUPeko Ikerketarako errektoreordeak. Ondotik, Maite Lozano Imízcoz Zaragozako Unibertsitateko irakasleak bisita gidatu bat zuzendu du, erakusketaren osagaiak eta bisitariei elkarreragiteko eskaintzen dizkien aukerak azaltzeko.
Salesianos ikastetxeko ikasleak izan dira erakusketako lehen bisitariak: teknologia berrien erabileraren bidez gonbit egiten zaie ibilbide birtual eta interaktibo bat egitera formen eta gainazalen mundutik. Funtsean, erakusketa honek osagai estetikoak eta ikusizkoak erabiltzen ditu bisitariengan azpiko matematikarekiko interesa pizteko. Matematikaren alderdi imajinagarria eta imajinaezina irudikatzen da, eta norberak sor ditzakeen irudietara jotzen da.
Imaginary Sario eraikinean egongo da ekainaren 3tik 23ra arte, astelehenetik ostiralera,10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekita, eta larunbatetan 11:00etatik 14:00etara. Ikastetxeek bisita gidatuak egiteko aukera izango dute, eta erakusketa Iruñean dagoen bitartean, hitzaldi-ziklo bat, magiako ikuskizun bat, eta ipuin-kontaketako beste bat egingo dira.
Erakusketa IMAGINARY erakusketaren egokitzapen bat da, Oberwolfacheko (Alemania) Matematika Ikerketako Institutuak garatu du, eta matematikarien eta artisten nazioarteko parte-hartzearen emaitza da. Bere gai gidaria da irudia imajinatutako errealitatearen eta objektu matematiko abstraktuen bistaratze zehatzaren arteko topagunea den aldetik.
Jarduera osagarriak
Imaginary Iruñean dagoenez, toki berean jarduera osagarriak antolatu dira, jende guztiarentzat. Horiek horrela, aisialdi eta jai giroko bi ikuskizun egingo dira, matematikaren eta artearen arteko loturak azaltzeko. Hain zuzen ere, hilaren 11n, larunbatean, Pedro Alegríak eta Juan Carlos Ruiz de Arcautek "Magia matematikoa edo matematika magikoa” eskainiko dute, eta hilaren 18an, larunbatean, Raúl Ibáñezek eta Enrique Morentek (marrazkilaria) “Hazi matematikoak” lana eskainiko dute txikien eta nagusien gozamenerako. Jarduera hauek 8tik gora urte dituztenentzat dira gomendagarri. Eguerdiko 12etan izango dira, Sario eraikinean, 503. eta 04. ikasgeletan, hurrenez-hurren.
Halaber, NUPeko Matematika Sailak dibulgazio hitzaldien ziklo bat antolatu du Matematikarekin lotutako gaiei buruz. Hitzaldiak ekainaren 6, 13 eta 20an, hirurak astelehenean, 19:30ean egingo dira Sarion. “Geometria, non zaude?” da lehenengo hitzaldiaren izenburua, eta Fernando Etayo Gordejuela Kantabriako Unibertsitateko irakasleak emango du. Hilaren 13an, astelehenean, Luis Javier Hernández Paricio Errioxako Unibertsitateko irakasleak “iterazio-prozesuei lotutako fraktal batzuk” izenburua duen hitzaldia emango du, ekainaren 20an, zikloa bukatzeko, Javier Bergasa Liberal irakasleak “Francisco Vicente de Tornamira (1537-1595) y el panorama científico de su época” izenburua duen hitzaldia emango du.
Interesa dutenek Imaginary erakusketari buruzko informazio guztia eskura dute, kontsultatzeko, www.unavarra.es helbidean.