Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko 1.770 ikaspostu, iraungitze-prozesuan dauden bigarren zikloko titulazioetako 215 ikaspostu eta unibertsitate masterretako 833 ikaspostu eskainiko ditu osotara 2011-12 ikasturterako. NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi du ikaspostuen eskaintza, eta orain Nafarroako Gobernuari igorriko zaio erabakia, berak behin betiko onets dezan. Erabaki honen barnean sartzen dira gradu ikasketetarako sarrera berriko ikaspostuak, iraungitzeko prozesuan dauden bigarren zikloko titulazioetako sarrera berriko ikaspostuak, unibertsitateko masterretako ikaspostuak, eta unibertsitate ikasketa ofizialak hasita dauzkaten eta unibertsitatea edo ikasketak aldatu nahi dituzten ikasleen ikaspostuak.
Ikastegiz ikastegi ikusita, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa da sarrera berriko ikaspostu gehien dituena graduko titulazioetan, 560 baititu. Jarraian daude Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea 430 ikasposturekin, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea 370ekin (ikasturte honetan baino 20 gutxiago), Zientzia Juridikoen Fakultatea eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola, bakoitza 160 ikasposturekin, eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa 100 ikasposturekin. Gradu berri guztiak Arrosadiko campusean emango dira, Tuterako campusean eskaintzen diren biak izan ezik, alegia, Fisioterapia Gradua da -hurrengo ikasturtean 50 ikaspostu izatetik 60 ikaspostu izatera pasako da-, eta Ingeniaritza Gradua Diseinu Mekanikoan -50 ikaspostu eskaintzen ditu-.
Erabaki honetan bertan, NUPeko Gobernu Kontseiluak ikaspostu-erreserba kupoak onetsi ditu 2011-2012 ikasturterako. Zehazki, ikaspostuen % 3 erreserbatuko dira 25 urtetik gorakoentzat, 45 urtetik gorakoentzat, lan-esperientzia eta esperientzia profesionala dutela egiaztatzen duten 40 urtetik gorakoentzat, goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, titulazio guztietan Fisioterapian izan ezik, eta unibertsitateko titulazioa edo horren baliokidea duten ikasleentzat. Fisioterapia Graduan sartzeko, ehuneko hori % 5era igoko da ezgaitasuna duten pertsonen eta goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien kasuan. Bestalde, 2011-12 ikasturtean eskainitako ikaspostuen % 5 gordeko da espedientearen lekualdatzearen bidez lehen eta bigarren zikloetan iraungitzen ari diren ikasketetara sartzeko.
Unibertsitateko masterretako ikaspostuak
2011-12 ikasturtean emango dituen 28 unibertsitateko masterretarako eskaintza ere onetsi du Gobernu Kontseiluak. 833 ikaspostu dira osotara. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako masterra da ikaspostu gehien eskaintzen dituen masterra (100), eta haren atzetik dator Komunikazioetako Unibertsitate Masterra (50). Bederatzi master unibertsitateartekoak dira eta NUPek ikaspostu kupo jakin bat dauka.