Nafarroako Unibertsitate Publikoak lehenengo urratsak eman ditu Campus Iberus partzuergoa eratzeko. Entitate honek abian jarri eta kudeatuko ditu Errioxako, Zaragozako eta Lleidako unibertsitateekin partekatzen duen Nazioarteko Bikaintasun Campuseko jarduera guztiak. NUPeko Gobernu Kontseiluak partzuergo hau sortzearen aldeko erabakia hartu du, eta Gizarte Kontseiluari igorri dio, organo horrek behin betiko onets dezan.
Erabaki honetan aipatzen da administrazio partzuergoa dela kudeaketa formula egokia eta malgua, Zaragozako, Errioxako eta Lleidako unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak modu bateratuan Nazioarteko Bikaintasun Campus Bihurtzeko Plan Estrategikoan ezarritako jarduerak aurreikusitako epean abian jartzeko. Horretarako, lau entitate hauek lankidetza hitzarmen bat izenpetuko dute, partzuergo hau eratzeko, bai eta partzuergoa arautuko duten estatutuak ere. Estatutu horiek finkatuko dituzte partzuergoaren xedeak, araubide organikoa, funtzionala eta finantzarioa, bere gobernu-organoen arauketa eta unibertsitate bakoitzaren ordezkaritza. Hezkuntza Ministerioak joan zen urrian eman zion Nazioarteko Bikaintasun Campusa 2010 izendapena Nafarroako Unibertsitate Publikoak Errioxako, Zaragozako eta Lleidako unibertsitateekin batera aurkeztutako proiektuari.
Hiru espezializazio-arlo
Campus proposamena hiru espezializazio arlotan egituratzen da: bizi-kalitaterako materialak eta teknologia (bi adar ditu: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena); nekazaritako elikagaiak eta nutrizioa; eta memoria, ondarea eta identitateak.
Campuseko unibertsitateek lankidetzan jardungo dute azpiegiturak, zerbitzuak eta zentro komunak abian jartzeko. Zehazki, proiektuak zentro hauek sortuko direla dio: Nazioarteko Graduondoko Zentro bat, Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentro bat, Enpresekin Ikertzeko Zentro Mistoak eta Nazioarteko Harrera Zentro bat. Lau unibertsitateek kudeatuko dituzte aipatu zentroak. Halaber, Campus Iberus proposamena hitzarmen bat prestatzen ari da Toulouseko eta Pauko unibertsitateekin, mugaz gaindiko campus bat eratzeko.
Campusa osatzen duten unibertsitateak elkarlanean arituko dira, produkzio-ingurunearekin harremanak estutuko dituzte eta enpresak, erakundeak eta hiriak beren proiektu komunean parte hartzera bultzatuko dituzte.