Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Zientzien Diplomaturako eta Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoko ikasleek ikasturte amaierako proiektu gisa komunikazio plan bat prestatu dute elkarrekin Nafarroako Bidezko Merkataritzako GKEaren Partzuergorako. Guztira bi karreretako hogeita hamar bat ikaslek parte hartu dute lau taldetan banatuak. Enpresa Zientzietako ikasleen lana izan da komunikazio plan bat egitea, entitate hauen analisia, eta egiten duten lana hedatzeko, garatu beharreko ekintzak biltzen dituena. Telekomunizioetako ikasleek, beren aldetik, kanpainaren barnean sartzen den publizitate spot bat egiteaz arduratu dira.
Planen edukia maiatzean jakinarazi zaio partzuergoari, eta irabazi duen proiektua Nafarroako tokiko komunikabideetan publizitate kanpaina batean erabiltzeko asmoa du partzuergoak.
NUPeko ikasleek proiektu honetan parte hartzearen ideia Nafarroako Bidezko Merkataritzako GKEaren Partzuergoarena berarena izan zen, eta harremanean jarri zen Enpresa Zientzien Diplomaturako hirugarren ikasmailan Publizitatea, Sustapena eta Harreman Publikoak irakasgaia ematen duen Cristina Roncal Olóriz irakaslearekin. Partzuergoaren xedea zen bere jarduerak ikasleen artean ezagutaraztea, eta ikasleen sormena baliatzea urtero ikasturte amaieran egiten duten komunikazio proiektuan. Ikasturte amaierako lan hori kasu errealen bidez enpresetarako komunikazio, sustapen eta marketing plan bat egitean datza. Honako honetan ikasleei aukera eman zitzaien proiektu hau hautatzeko. Izan ere, proiektu konplexua da entitateen eta beren merkatu potentzialaren berezko ezaugarriengatik.
Hogei eta hogeita hamar segundo bitarteko publizitate iragarkia
Lau taldek, bost edo sei kidez osatuak, partzuergorako komunikazio plana egitea aukeratu zuten. Batek Arropa Garbia Kanpaina egin zuen eta beste hamabik beste enpresa batzuenak egitea hautatu zuten. Urte honetan sartu den bigarren berrikuntza lankidetzan jardutea izan zen Soinua eta Irudia espezialitateko Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoko ikasleekin. Xedea zen ikasle horiek arduratzea GKEen partzuergoaren kanpaina bakoitzak duen publizitate spota teknikoki egiteaz. Mikel Sagüés irakasleak hirugarren ikasmailan ematen duen Multimedia Ekoizpen Elkarreraginezkoa irakasgaia ikasten duten ikasleek egin zuten errealizazioa. 20 eta 30 segundo bitarteko iraupena duten iragarkien grabazioa eta muntaketa NUPeko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko telebista estudioan egin zen.
Ikasleek irakasgaian erdiesten duten notaren % 60 balio duten lanak maiatzean aurkeztu ziren Unibertsitatean, Ángel Gainza Nafarroako Bidezko Merkataritzako GKEaren Partzuergoaren koordinatzailea bertan zela. Geroago, entitateak taldeetakoei deitu die bere egoitzara, lanen azalpen xehetuagoa egin dezaten.
Nafarroako Bidezko Merkataritzako GKEaren Partzuergoa honako hauek osatzen dute: Adsis-Equimercado, Alboan, IntermonOxfam, Fundación Vicente Ferrer fundazioa, OCSI, Medicus Mundi Navarra eta SETEM Navarra-Nafarroa.