Joan eduki nagusira

zoom María José Asiáin, ezkerreko aldean, Inés Reyeroren aldamenean.

María José Asiáin, ezkerreko aldean, Inés Reyeroren aldamenean.

Inés Reyero Zaragoza irabazle atera da, ordenagailu eramangarri (‘netbook’) baten zozketan, irakasleen irakaslana ebaluatzeko inkestan erantzun duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko 1.960 ikasleen artetik Galdeketa maiatzaren 9tik 13ra bitartean egin zen, bigarren lauhilekoko edo seihilekoko irakasgaiak, urteko irakasgaiak eta masterretako irakasgai guztiak ebaluatzeko. Jaso diren 1.960 erantzunek ekimenean parte hartzeko deian sartzen ziren lehen eta bigarren zikloetako, graduko eta unibertsitate masterreko ikasleen % 25,26 ordezkatzen dute.

Sariko ‘netbook’ hori Inés Reyero Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia masterreko ikasleari emateko ekitaldian María José Asiáin Unibertsitateko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak hartu du parte.

Inkesta anonimoa da, eta helburua du Unibertsitateak nahikoa informazio biltzea eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesta hauen emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle eta ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan. Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak sustatu duen galdeketa honek Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren eta Kalitate Unitatearen lankidetza du.

Inkesta borondatezkoa da, eta era telematikoan betetzen da Ikaslearen Atariaren bidez. Atari hori Unibertsitatearen webgunean dago, eta ikasle bakoitzak bere sarrera-gakoa dauka. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.

Inkesta hauetako parte-hartzaileek hainbat atali erantzuten diete 11 galderaren bidez, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta iradokizunen atal batekin osatzen da. Ikasturte honetan garrantzia berezia eman zaie irakasgaien irakaskuntza kontuei, eta atal berri bat sartu da, irakaskeek NireIkasgelategia tresna zenbateraino erabiltzen duten neurtzeko.

Irakasleek ikasturteko eskolak amaitzean ezagutzen dituzte galdeketaren emaitzak. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.