Joan eduki nagusira

zoom Ikasle talde bat, "Imaginary, begirada matematiko bat" erakusketara eginiko bisitaldian

Ikasle talde bat, "Imaginary, begirada matematiko bat" erakusketara eginiko bisitaldian

Espainiako Matematikako Erret Elkartearen kideek mendeurrena ospatzen dutela-eta, "Imaginary, begirada matematiko bat" izeneko erakusketa ekarriko dute hurrengo astean Iruñera Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan, matematikak dibulgatzeko ikasleen eta publikoaren artean. Informatikako eta komunikazioetako teknologia berrien erabileraren bidez, erakusketak agerian jartzen du, halaber, Matematikaren eta Artearen arteko lotura estua, eta bisitariei gonbit egiten die ibilbide birtual eta interaktibo bat egitera formen eta gainazalen mundutik.

Imaginary ekainaren 2an inauguratuko dute, eta Sario eraikinean ikusgai egongo da ekainaren 3tik 24ra arte. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita, eta larunbatetan 11:00etatik 14:00etara. Ikastetxeek bisita gidatuak egiteko aukera izango dute, eta erakusketa Iruñean dagoen bitartean, hitzaldi-ziklo bat eta ipuin-kontaketako eta magiako ikuskizun bat egingo dira.

Erakusketa IMAGINARY erakusketaren egokitzapen bat da (www.imaginary-exhibition.com), Oberwolfacheko Matematika Ikerketako Institutuak garatu du (Alemania), eta matematikari eta artisten nazioarteko parte-hartzearen emaitza da. Bere gai gidaria da irudia imajinatutako errealitatearen eta objektu matematiko abstraktuen bistaratze zehatzaren arteko topagunea den aldetik.

Imajinazioaren bidez, bai errealitatea taxutzeko tresna, bai sormen artistikorako tresna bihurtzen da matematika. Funtsean, erakusketa honek osagai estetikoak eta ikusizkoak erabiltzen ditu bisitariengan azpiko matematikarekiko interesa pizteko. Matematikaren alderdi imajinagarria eta imajinaezina irudikatzen da, eta norberak sor ditzakeen irudietara jotzen da.


Ipuin-kontalaria, magia eta hitzaldiak


Ekainaren 11 eta 18an, biak larunbatarekin, eguerdiko 12:00etan, aisialdi eta jai giroko ikuskizun bana egingo dira Sarion, eta matematikaren eta artearen arteko lotura azalduko da. Hilaren 11n, Pedro Alegríak eta Juan Carlos Ruiz de Arcautek "Magia matematikoa edo matematika magikoa” eskainiko dute, eta hilaren 18an, larunbatean, eta Raúl Ibáñezek eta Enrique Morentek (marrazkilaria) “Hazi matematikoak” lana eskainiko dute txikien eta nagusien gozamenerako. Jarduera hauek 8tik gora urte dituztenentzat dira gomendagarri.

Bestalde, NUPeko Matematika Sailak ere dibulgazio hitzaldien ziklo bat antolatu du matematikarekin lotutako gaiei buruz. Hitzaldiak ekainaren 6, 13 eta 20an, hirurak astelehenean, 19:30ean egingo dira Sarion. “Geometria, non zaude?” da lehenengo hitzaldiaren izenburua, eta Fernando Etayo Gordejuela Kantabriako Unibertsitateko irakasleak emango du. Hilaren 13an, astelehenean, Luis Javier Hernández Paricio Errioxako Unibertsitateko irakasleak “iterazio-prozesuei lotutako fraktal batzuk” izenburua duen hitzaldia emango du, ekainaren 20an, zikloa bukatzeko, Javier Bergasa Liberal irakasleak “Francisco Vicente de Tornamira (1537-1595) y el panorama científico de su época” izenburua duen hitzaldia emango du.

Erakusketa honetan eta bere jardueretan interesa dutenek informazio gehiago dute eskuragarri web-orrialde honetan: www1.unavarra.es/unidadculturacientifica