Joan eduki nagusira

Genero indarkeriaren erroak, enpresa berrikuntza, Javier Ciga pintorea edo inmigrazioa Europan dira Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin sustatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dituen udako ikastaroetarako hautatutako gaietako batzuk, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XI. edizioaren barruan. Egitaraua Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin (NAPI) batera antolatutako hitzaldi ziklo batekin osatzen da. Zikloaren izenburua hau da: “XXI. mendeko gakoak, gatazkak eta erronkak”.

Iruñeko Kondestablearen jauregian eta Arrosadiko campusean egingo diren udako ikastaroen xedea da unibertsitateko bizitza nafar gizartearengana hurbiltzea hiritar guztiei zuzendutako jarduera kultural eta zientifikoen bidez. Ikastaroak heldu den ekainaren 14an hasiko dira, eta irailaren 27an bukatuko dira. Inskripzioa eta matrikula zabalik daude, NUPen (www.unavarra.es) webgunearen bidez egiteko. Bertan ikastaro bakoitzaren egitarau osoak ere ikusgai daude. Uda honetan eskainiko diren ikastaroak honako hauek dira:

- Genero-indarkeriaren erroak eta hura errotik kentzeko gakoak (ekainaren 14tik 16ra): Ikastaro honek eztabaidarako gune bat ireki nahi du, fenomeno honen esanahiei eta kontzeptualizazioei buruzko gogoeta egiteko, indarkeria horren izaera eta arrazoiak aztertzeko, duen dimentsio politikoa azpimarratuz, eta esku-hartzerako estrategiak ezagutzeko edo proposatzeko. NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatu du, eta Fernando Remacha Aretoan egingo da.

- Erritmo musikala eta mugimenduaren berreskurapena: Tubia metodoa (ekainaren 15etik 18ra): Erizaintza eta Fisioterapiako ikasleei eta osasun zientzien arloko profesionalei zuzendua dago. Helburua da ariketa praktikoen bidez irakastea zer den mugimendu erritmikoa eta haren konplexutasuna, garrantzizkoa delako garapen motore eta kognitiborako eta garunaren neuroplastizitaterako.

- Eta zergatik ez? Berrikuntza enpresan, eta gizartean ere bai (ekainaren 28tik 30era): Ikastaroak esperientziak eta metodologiak eskaini nahi ditu enpresen berrikuntzan, eta azaldu nahi du zer nolako garrantzia duen ezagutza eta gaitasun horiek hezkuntzari gehitzeak. Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategiarekin lankidetzan antolatu da.

- Basoak, bioaniztasuna eta planetaren iraunkortasuna (ekainaren 27 eta 28an): Basoen Nazioarteko Urtearen ospakizunari begira, ikastaro honek lagundu nahi du kontzientzia hartzera basoek gizakiaren eta planetaren garapen iraunkorrean duten garrantziaz, onura ekonomikoak, soziokulturalak eta ingurumenekoak ematen dituztelako. Nafarroako Baso Elkartea (Foresna-Zurgaia) elkartearen lankidetza ere badu.

- Amado Alonso, bi itsasertzetako espainiera (ekainaren 27 eta 28an): Ikastaroa Amado Alonso (1896-1952) nafar filologoaren irudia eta lana omentzeko antolatu da, eta egile horren ekarpenek Hizkuntzalaritzan eta Literatura Kritikan duten garrantzia, eta are indarraldia ere, azpimarratu nahi ditu. Ikastaroaren antolamenduan parte hartu du Amado Alonso Fundazioak ere bai. NUP fundazioko kidea da.

- Europa harrerako lurraldea: inmigrazio politika bat Europarako (uztailaren 19tik 21era): Europar Batasunak eta bere estatuek barneko zein nazioarteko inmigrazio mugimenduei begira duten jarrera aztertuko da. Pertsonen mugimendu horiek auzi juridikoak sorrarazten dituzte (babesa, inmigrazioa, Schegen eremua, eta abar), baina baita auzi sozialak ere, esate baterako, gutxiengoen egoera, edo kulturaniztasunarekin lotzen direnak.

- Ciga pintorea: bere garaiko arimaren eta gizarteraren interpretea (irailaren 5etik 8ra): Ikastaroak Javier Ciga (1877-1960) nafar pintore ospetsuaren bizitzaren eta obraren gako batzuk aztertuko ditu. Hainbat saiotan zehar, Baztanekin zeukan harremana eta garaiko pinturaren testuingurua uztartuko dira. Azkenik, bisitaldiak egingo dira Nafarroako Museora eta Elizondoko Museo Etnografikora, bere lana in situ ezagutzeko.

- Mahler denontzat: ikastaroan hitzaldiak daude (irailaren 1 eta 2an) eta instrumentazio lantegi bat (uztailaren 4an, abuztuaren 22, 25, 26, 30 eta 31n, eta irailaren 1 eta 2an). Ikastaroak Gustav Mahler txekiar musikariaren irudia aurkeztu nahi dio nafar publikoari, garaiko testuinguru politiko-sozialaren bidez, Mahleren eragina soinu-bandetan, eta, azkenik, liederrenganako hurbilketa bi ikuspegitatik: jatorrizkoa eta instrumentala. Instrumentazio lantegia konposizioko ikasleei zuzentzen zaie, edo musika idazkeran maila handiko ezagutzak dituztenei.

- Artea eta ingeniaritza (irailaren 12tik 16ra): Hitzaldi ziklo hau Nafar Ateneoarekin lankidetzan antolatu da eta, hitzaldien bidez, ingeniaritzak, bereziki ingeniaritza zibilak, literatura, historia, eskultura, pintura eta zinematografiarekin dituen harremanen berri eman nahi du; izan ere, harreman horiek kulturazale guztientzat interesgarriak baitira.

- XXI. mendeko gakoak, gatazkak eta erronkak (irailaren 1, 16, 20 eta 27an): (NAPI) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera antolatu den ziklo honen laugarren edizio honetan aztertuko dira epaileen zeregina, dopajea kirolean, mundu arabiarraren egoera eta Wikileaks fenomenoa.