Joan eduki nagusira

zoom ezkerretik eskuinera, Julián Garrido, Camino Oslé, Reyes Berruezo eta José Luis Albero.

ezkerretik eskuinera, Julián Garrido, Camino Oslé, Reyes Berruezo eta José Luis Albero.

Osotara 719 pertsonak egin dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko Esperientziaren Gelako ikasketak, aipatu gela orain dela hamar urte sortu zenetik. Urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuen NUPek atzo, asteazkena, maiatzak 18, Fernando Remacha aretoan, eta 200 pertsona inguru izan ziren bertan, agintariak eta azken hamarkadetan ikasketa hauek egin dituzten ikasleak barne. Titulu bereki haue 50 urte baino gehiago dituzten pertsonei zuzentzen zaie, eta era malgu eta orekatuan Giza eta Gizarte Zientzietan prestakuntza orotarikoa eskaintzea du helburu, populazio talde honen profil eta zirkunstantzia pertsonalei egokitzeko diseinatua.

Ekitaldian hamar urte hauetan Esperientziaren Gelaren Programan arduradunak izan diren hiru errektoreorde hauek parte hartu zuten: Reyes Berruezo, Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako errektoreordea 1999tik 2003ra arte; Julián Garrido, Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako errektoreordea 2003tik 2007ra arte; eta Camino Oslé, Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea 2007tik aurrera. José Luis Albero Aguirre Esperientziaren Gelako ikasleak ere hitza hartu zuen ekitaldian, eta musikaz Unibertsitateko Abesbatza arduratu zen.

Unibertsitateko Gobernu Batzordeak onetsi zuen 2001ean Esperientziaren Gelaren Programa abian jartzea Giza Zientzia Garaikideak izeneko graduondoko ikasketa bereki gisa. Aldi berean, egungo munduaren oinarri humanistikoak izeneko titulu berekia ezarri zen 2003-04 ikasturtean. Ikasketa horiek titulu bakar batean biltzea erabaki zuen NUPeko Gobernu Kontseiluak 2004an, eta Giza eta Gizarte Zientzietan Diploma izan da titulu horren izena aurrerantzean.

Titulu bereki hau Arrosadiko campusean ematen da, eta, 2004-05 ikasturteaz geroztik, Tuterako campusean. Giza eta Gizarte Zientzietan prestakuntza orotarikoa eskaintzen du programak. Lehen ikasmailan historiari buruzko (Antzinaroko Zibilizazio Handiak), filosofiari buruzko (Pentsamendu klasikoa) edo arteari buruzko (Antzinako Artea eta Erdi Arokoa) irakasgaiak daude. Horretaz gainera, jarduera praktikoak ere badaude; esaterako, txangoak, bisitak museoetara edo toki historikoei buruzko azalpenak tokian bertan.

Ikasleek 50 urte beterik izan behar dituzte matrikularen urtean, baina adin horretara iritsi ez direnek izena emateko baimena izaten ahal dute, Irakaskuntza Zuzendaritzak balioespen positiboa ematen badio eskatzailearen interesari, eta bete gabeko ikaspostuak baldin badaude, betiere. Esperientziaren Gelan izena ematen duten ikasleek modua izan beharko dute eskolara astean hiru egunetan joateko, goizeko orduetan.

Aurreinskripzioa irekita dago maiatzaren 27ra arte

zoom Esperientziaren Gelako ehundaka ikasle bildu ziren ekitaldian.

Esperientziaren Gelako ehundaka ikasle bildu ziren ekitaldian.

2011-12 ikasturterako Esperientziaren Gelan aurreinskripzioa egiteko epea irekita dago maiatzaren 27ra arte. Guztira, 150 ikaspostu eskaini dira (75 campus bakoitzean) Titulu Bereki honetako lehen ikasturterako. Tituluak lau ikasturtetan Giza eta Gizarte Zientzietako Diploma lortzeko aukera eskaintzen du.

Inskripzioa bertara agertuta egingo da edo Interneten bidez, Unibertsitatearen web-orrialdean (www.unavarra.es). Bertara agertuz ematen bada izena, agiriak jaso eta emateko ondoko toki hauek daude: 9:00etatik 14:00ak arte, Iruñeko Esperientziaren Gela, Irakaskuntza Programatu eta Laguntzeko Atalean (Administrazio eta Kudeaketa eraikina), eta Tuterako campusean, Tarazona etorbidea, z.g.

Izena emateko epea amaitu ondoren 75 ikaspostu baino gehiago eskatu badira, campus bakoitzean hautaketa bat egingo da, eskatzaileen izen ematearen ordena kontuan hartuz. Bete gabeko ikaspostuak geldituz gero, 50 urtetik beherakoek egindako eskaerak aztertuko dira.

Lehen ikasturterako onartu diren pertsonek, eta dagoeneko Esperientziaren Gelan ikasten ari diren ikasleek, ekainaren 3tik 27ra bitartean egingo dute matrikula. Interesdunek informazio gehiago jaso dezakete www.unavarra.es webgunean edo aula.experiencia@unavarra.es eta oficina.informacion@unavarra.es helbide elektronikoen bidez.