Desgaitasuna duten pertsonei komunikazioa errazten dien iPad aplikazio bat eta bizikletak birziklatzeko proiektu bat izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Jakintza Bestetaratzeko Arloaren bidez, eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE) antolatutako Negoziorako Ideien Lehiaketan saritu dituzten ekimenak. Lehiaketak Hezkuntza Ministerioaren lankidetza izan du. Graduko edo lehen eta bigarren zikloetako ikasleei zuzentzen zitzaien: negoziorako ideia bat aurkeztu behar zuten, pertsona batek prestatua, edo gehienez ere lau pertsonek osatutako talde batek. Guztira 56 proiektu aurkeztu dira eta, horietatik bi Tuterako campusekoak ziren.
José Cruz Pérez eta Ainhoa Esténoz Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasleek aurkeztu dute proiektu irabazlea; izan ere, komunikazio-zailtasun jakin batzuk dituzten pertsonen komunikazioa errazten eta arintzen duen iPad aplikazio bat da. Ekimenak ”Dime” izena du eta 2.500 euroko sari bat jaso du, eta egileek diru hori beren negozio proiektuaren bideragarritasun plan bat egiteko erabili beharko dute.
Carlos Fernández Valdivielso Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa Saileko zuzendaria izan da Karrera Amaierako Proiektu gisa garatu den ekimenaren zuzendari teknikoa. Proiektua gauzatu ahal izan da honako hauen lankidetzari esker: Nafarroako Kutxa Fundazioaren Isterria Ikastetxea, Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkartea (ANFAS), eta komunikatzeko arazo larriak dituzten haurren familiak.
Aplikazioa komunikaziorako sistema piktiografiko batean datza; errealitatetik hurbil dauden marrazki eskematikoetan oinarritzen da, kategoriatan sailkatuta, eta esaldiaren sintaxi logikari jarraitzen dio: subjektua, aditza eta predikatua. Komunikazio sistema erraza da, mintzatzeko arazo larriak dituzten, edo mintzatu eta idatzizko hizkuntza erabili ezin duten pertsonentzat diseinatua, eta oso emaitza onak eskaintzen ditu: pertsonaren isolamendua saihesten da, bere autonomia areagotzen da, bere autoestimua handitzen da eta bere garapen sozial, kognitibo eta afektiboa hobetzen dira eta, azken batean, bere bizi-kalitatea hobetzen da.
Bizikleta birziklatuen diseinua Tuteran
Lehiaketaren epaimahaiak accesit bat ere eman dio “Re-cycling” proiektuari. Javier Alba, Eduardo Redrado eta Javier Vidorreta ikasleek aurkeztu dute. Ingeniaritza Teknikoa, Mekanika espezialitatea, sakontze-lerroa Industria Diseinuan titulua ikasten dute Tuterako campusean. Ingurumena errespetatzen duten bizikletak diseinatu eta fabrikatzen dituen enpresa bat sortzea da beren ideia. Bizikleta horiek, jada erabili ezin diren beste bizikletetatik hautatutako materialak aprobetxatuz egingo dira.
Prozesua hasiko da erabilitako bizikletak biltzen lantegi batean, edo entitateekin hitzarmenak eginez eta sentsibilizazio jardunak sustatzen. Erabil daitezkeen materialekin bizikleta berriak egingo dira, eta bota beharreko osagaiak enpresa espezializatuetara igorriko dira, haiek behar den tratamendua eman diezaien.
Proiektu hau egin duten ikasleek bi bizikleta mota sortzeko apustua egiten dute. Lehenbizikoan, beren diseinu propioak eskainiko dituzte, eta gero, bezeroek, kolorearen, biniloen edo osagarrien bidez, beren gustura jarriko dituzte. Bigarrenean, bezeroak aukera du hasieratik hautatzeko koadroa osatzen duten hodi motak, eta haren formak eta tolesdurak. Horrela, proiektu honen xedea da produktuen bizi-zikloak hurbiltzea naturaren zikloetara, ingurumen ingeniaritzaren printzipioez baliatuz. Bizikletaren osagaiak ahal den neurrian berrerabilita, produktu berri bat erdiesten dute, eta materialak ustiatzeko fasearen eta bizitzaren amaiera fasearen inpaktuak murrizten dira.