Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamar ikaslek beste hainbeste adingaberi laguntzeko lanak egingo dituzte 2011-12 ikasturtean, haiendako eredu positiboa izateko eta babesa eskaintzeko. Adingabe horiek Lehen Hezkuntzako seigarrenean daude, Iruñeko García Galdeano ikastetxean. Proiektu honetan parte hartzen duten ikasleak hainbat testuinguru soziokulturaletako gaztetxoen jagoleak izango dira, eta gizartean txertatzen lagunduko diete. Aukera izango dute hainbat jarduera egiteko eta horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk izateko.

Ekimen hau irailean jarriko da abian, esperientzia pilotu gisa. Urretxindorra Proiektua izena du, eta Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeetan sortu zen orain dela hogei urte baino gehiago. Aukeraketa egiteko deialdi publikoa maiatzaren 31n bukatzen da, eta programan parte hartzen duten ikasleek beka bat jasoko dute. Deialdiaren eduki osoa helbide honetan dago kontsultatzeko: http://www1.unavarra.es/unidadaccionsocial/.

Urretxindorra proiektua Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatu du, eta lankidetza ematen dute NUPeko Unesco Katedrak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Dibertsitate, Orientazio eta Kulturaniztasun Zerbitzuaren bidez. Halaber, La Caixa fundazioaren laguntza ekonomikoa du.

Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak eta kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrak harremanetan jartzea, abiapuntutzat hartuta haien arteko harremana aukera ona dela beste esperientzia batzuk izateko, beste trebetasun batzuk lantzeko, eta pertsonarteko beste harreman modu batzuk edukitzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak lagunduko ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.


Jolas eta kultura jarduerak hiru orduz astean


Aukeratutako ikasleek irailean prestakuntza jasoko dute, aniztasun kulturalari, gaztetxoekin egoerei aurre egiteari edo familiarekin harremanak izateari buruzko gaietan. Languntzeko lana urrian hasiko da. Josteta eta kultura jarduerak egingo dira gaztetxoen aisialdietan, hiru orduz astean, eta Unibertsitateak kontrolatuko dituen irizpideei jarraikiz.

Ikasle jagoleek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko. Jagolea izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko. Jarduera bukatzen denean, ikasleek haien parte-hartzeari buruzko ebaluazio-txosten bat prestatuko dute. Parte-hartzaile bakoitzak 300 euroko beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortutako gastuak ordaintzeko.

Proiektuan parte hartu nahi duten ikasleek 2011-12 ikasturtean NUPen egon behar dute ikasketa ofizialak egiten, harreman pertsonaletarako trebezia eta gizarte gaietarako sentsibilitatea izan, eta hainbat asteburutan goizez eta arratsaldez aritzeko prest egon. Eskaerak maiatzaren 31ra arte aurkeztu behar dira, eta egun horretan 14:30 baino lehen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistroan. Gizarte eta Kulturako Proiekziorako Errektoreordetzari zuzenduko zaizkio.