Joan eduki nagusira

zoom Javier Suescun, Camino Oslé eta Javier Manzanos “Arte Garaikidearen Bilduma” liburuaren eta erakusketaren aurkezpenean.

Javier Suescun, Camino Oslé eta Javier Manzanos “Arte Garaikidearen Bilduma” liburuaren eta erakusketaren aurkezpenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur goizean inauguratu du honako erakusketa hau: “Arte Garaikidearen Bilduma. 2008-2011 urteetako erosketak“. Azken lau urteotan Nafarroako artistei eta Nafarroan bizi diren artistei erositako hogeita zortzi lanetako askok osatzen dute erakusketa. Inaugurazio honekin batera, Camino Oslé Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, Javier Suescun eta Javier Manzanos Unibertsitateko Ondare Artistikorako Batzordeko kideek, liburu bat ere aurkeztu dute, 2007 eta 2011 urteen artean hemeretzi artistari erosi zaizkien lan guztiak biltzen dituena.

Inauguratu berri den erakusketan honako artista hauen lanak ikus daitezke: Elena Goñi, Koldo Chamorro, Jorge Martínez, Carlos López, Richard Barnes, Alfonso Ascunce, Juan Antonio Belzunegui, Mikel Esparza, Xabier Idoate eta Miguel Leache. Sario eraikinean ikusgai egongo da ekainaren 15era arte, 8:00etatik 21:00etara astelehenetik ostiralera, eta 8:00etatik 14:00etara larunbatetan.

Museoen Nazioarteko Eguna denez heldu den maiatzaren 18an, erakusketa ikusteko bi bisita gidatu antolatu dira, bata eguerdiko 12:00etan, eta bestea arratsaldeko 18:00etan. Interesa dutenek argibide gehiago jasotzeko aukera dute Unibertsitatearen Kultura Jardueren zerbitzuan, 948 16 89 72 telefono zenbakiaren edo actividades.culturales@unavarra.es helbidearen bidez.

zoom Erakusketan lanen bat duten artisten argazkia.

Erakusketan lanen bat duten artisten argazkia.

NUP sortu zenetik artearekiko konpromisoa agertu zuen eta bere bilduma propioa egiten hasi zen, gaur egun 186 lanek osatzen dutena. Bilduma hau arte garaikidearena da funtsean, eta Nafarroako egileen edo Nafarroan bizi direnen lanak ugari dira bilduman. Ondare Artistikoaren Batzordea, artistak, teknikariak eta irakasleak biltzen dituena, arduratzen da erosketa berriak egiteko irizpideak ezartzeaz. Artelanak erosita, baliabideak ematen dira artistak artelanak sortzen jarraitzeko, eta bildumarekin Unibertsitateak ondare artistiko bat eratzen du, zeinak unibertsitatearen eraikinak eta campusak hobetzen eta edertzen baititu gainera.

Hemeretzi egile

“Arte Garaikidearen Bilduma. 2007-2011 urteetako erosketak“ liburuan Ondarearen Batzordeak 19 artistari erositako lanak azaltzen dira eta, horrez gainera, egileek katalogoan sartzeko egindako testuak ere bai. Hala, azken erosketen artean honako artista hauen lanak dauzkagu: Koldo Chamorro, Carlos Cánovas, Jorge Martínez Huarte, Gonzalo Nicuesa, Xabier Idoate Iribarren, Paco Polán Iriarte, Miguel Leache Resano, Dick Recalde, Belén Puyo, Rinus Roelofs, Richard Barnes, Pedro Osés, Isabel Cabanellas, Carlos López González, Alfonso Ascunce Izuriaga, Xabier Morrás, Juan Antonio Belzunegui Martínez, Mikel Esparza Murillo eta Elena Goñi.

Javier Manzanos Garayoa Ondarearen Batzordeko kideak hitzaurrean azaltzen duen bezala, NUPek arte eta artista garaikideekin duen konpromisoa gizartea eta kultura hobetzeko bultzatzen duen xedean oinarritzen da, Unibertsitate Publiko baten berezko nortasunean, ezagutzaren alde egin behar baitu, baina era berean beste kontzeptu batzuen alde, kulturarako aukeraren, sormenaren, zentzu kritikoaren, berriketaren eta sentsibilitatearen alde, esate baterako.