

Glamorganeko Unibertsitateko ordezkaritza Errektoretzan, Javier Casalí errektoreordearekin eta Andrés Seco irakaslearekin (ezkerretik hasita, hirugarrena eta bigarrena).
Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Glamorganeko Unibertsitatea (Cardiff, Gales), Cyprus University of Technology (Zipre) eta University Technology Mara (Malaisia) unibertsitateekin lankidetzan, ikerketa proiektu bat garatzen ari da, eraikuntzako materialak fabrikatzeko industria hondakinak erabiliz.
NUPen aldetik Proiektuak, Landa Ingeniaritza eta Energia berriztagarrien Ikerketa Taldeko irakasle talde batek parte hartzen du proiektuan. Proiektuan Nafarroako eta Galeseko enpresa garrantzitsu batzuk sartu dira, interesa baitute haien industria hondakinen kudeaketan eta erabileran.
Proiektuak, hain zuzen, hondakin horiek erabili nahi ditu eraikuntzako hainbat material fabrikatzeko, adreiluak edo galtzadarriak, esate baterako, hotzean fabrikatzeko prozesuak erabiliz. Sistema honek abantaila asko ditu. Aldi batetik, nabarmen murrizten du zabortegietan utzitako hondakin kopurua. Beste alde batetik, prozesu iraukorragoa da, ingurumenari begira, materialak ez direlako egosten eta ez direlako erabili behar adreiluak fabrikatzeko ohiko labeak, eta, beraz, energia aurrezten da.
Proiektu honen barnean, Glamorganeko Unibertsitateko ordezkari batzuk bisitan etorri dira egun hauetan Nafarroako Unibertsitate Publikora, eta bertako lankideekin elkarrizketatu dira. Ordekaritza osatzen zutenak Demetrios Djialli, Abid Abu Tair, John Kinuthia eta Mohamad Nidzam irakasleak ziren. Andres Seco Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleak lagundu zien eta Javier Casalí Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak egin zien harrera.
Proiektuan sartutako lau unibertsitateak Nazioarteko Konferentzia bat ari dira antolatzen, ondoko gaiari buruz: energia efizientziaren eta energia berriztagarrien teknologiak aplikatzea kostu txikiko eraikinen diseinuan eta eraikuntzan. Konferentzia datorren urtean izango da, Zipren.