Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2011-12 ikasturteko Titulu Berekien eskaintza onetsi du. Osotara, 14 Master, aditu, diplomadun edo espezialista titulu bereki eskainiko dira, eta horietatik sei berriak dira. Inskripzio-epea irekita dago eta eskolak urrian hasiko dira. Ekonomia, zuzenbidea, giza eta gizarte zientziak edo bioetika dira titulu bereki hauetako jakintza-arloetako batzuk. Aurten lehenengoz on-line eskainiko dira titulu horietako hiru. Titulu horiei buruzko informazio guztia www.unavarra.es webgunean dago kontsultagai.
2011-12 ikasturtean lehenengoz titulu bereki hauek eskainiko dira: Espezialista Kudeaketa Publikorako Zuzenbidean; Espezialista Nafarroako Zuzenbide Pribatuan; Espezialista Kudeaketa Publikorako Ekonomian; Aditua Osasun Zuzenbidean eta Bioetikan; Aditua Eusko Ikaskuntzetan: Giza, Gizarte eta Natura Zientziak; eta Espezialista Nazioarte Inguruko Enpresetako Prestakuntza Praktikoan.
Bestalde, berriz ere eskainiko dira titulu bereki hauek: Diplomaduna Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze Sozialean; Espezialista Erlijio Katolikoan eta Kulturan; Aditua Banku Zuzendaritzan eta Finantzetan; Aditua Generoan; Aditua Inmigrazioan eta Gizarte Esku-hartzean; Aditua Esku-hartze Sozialean Familiekin, Haurrekin eta Nerabeekin; Masterra Nazioarteko Merkataritzako Zuzendaritzan; eta Masterra Nazioarteko Merkataritzan.
Azken master honi dagokionez, hitzarmena berritu da Guandongeko Atzerritar Ikasketen Unibertsitatearekin, baina beste bi hitzarmen sinatu dira Txinako beste bi unibertsitaterekin: College of Continuing Education (Tongji University) eta Hunan College of Foreing Studies. Hitzarmen horien arabera, ikasle txinatarrak Nazioarteko Merkataritzako Masterraren bigarren ikasmailan etorriko dira NUPera.
Interneten bidezko eskaintza
Titulu bereki hauek egingo dira interneten bidez: Diplomaduna Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze sozialean; Espezialista Nafarroako Zuzenbide Pribatuan eta Aditua Eusko Ikaskuntzetan: Giza, Gizarte eta Natura Zientziak. Zuzenbide Pribatua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetzan eskainiko da. Bestalde, Aditua Eusko Ikaskuntzetan izeneko titulu berekia abian jarri da Euskal Herriko Unibertsitatearen, UHUNen eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez.
Beste bi titulu bereki –Espezialista Kudeaketa Publikorako Zuzenbidean eta Espezialista Kudeaketa Publikorako Ekonomian– Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin (NAPI) lankidetzan diseinatu dira halaber, eta Nafarroako administrazioetako langileei zuzenduak daude. Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulu berekien prestakuntza-eskaintzak helburu bikoitza dauka: batetik, unibertsitateko tituludunen eta gazte profesionalen gaitasunak eta trebetasunak bultzatzea lan merkatuan sartzeko edo beren titulazioari egokitutako lanpostua edukitzeko; eta bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua edukitzea.
Informazio-saioak
NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak zuzenean kudeatzen du titulu berekien eskaintzaren parte bat. Zehazki, Fundazioak bere gain hartzen ditu hamalau tituluetatik hamar. Aste honetatik aitzina, Fundazioak hainbat saio abian jarriko ditu interesa duten pertsona guztiei titulu bereki hauetariko seiren ezaugarriak jakinarazteko. Titulu horietan guztietan, zuzendari akademikoek titulu bakoitzaren edukiak, helburuak eta metodologia ezagutaraziko dituzte. Saio hauek Ikasgelategiko 018. ikasgelan egingo dira, eta maiatzaren 5ean, ostegunean, 13:30ean hasiko dira Masterra Nazioarteko Merkataritzako Zuzendaritzan eta Aditua Banku Zuzendaritzan eta Finantzetan izeneko tituluekin.
Hurrengo saioa maiatzaren 6an, 13:00etan, egingo da, eta Aditua Osasun Zuzenbidean eta Bioetikan eta Espezialista Kudeaketa Publikorako Zuzenbidean izeneko tituluei buruzkoa izango da. Azkeneko informazio saioa maiatzaren 11n, 17:00etan, egingo da, eta titulu hauei buruzkoa izango da: Diplomaduna Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze Sozialean eta Espezializazio ikastaroa Esku-hartze Sozialean Aplikatutako Etikan.