Joan eduki nagusira

Guztira 56 proiektu aurkeztu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Jakintza Bestetaratzeko Arloaren bidez, eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE), antolatu duten negoziorako ideien lehiaketan. Lehiaketak Hezkuntza Ministerioaren lankidetza du. Graduko edo lehen eta bigarren zikloetako ikasleei zuzentzen zitzaien: negoziorako ideia bat aurkeztu behar zuten, pertsona batek prestatua, edo gehienez ere lau pertsonek osatutako talde batek. Lehiaketara aurkeztu diren 56 proiektuetan 63 ikaslek parte hartzen dute. Proiektuetatik bi Tuterako campuseko ikasleek aurkeztu dituzte. Negoziorako ideia berritzaile bat aurkeztu behar zen, ikasketa planetako edozein jakintza adarri buruzkoa. Ideia onenak 2.500 euroko saria jasoko du, eta irabazleak diru hori negoziorako proiektuaren bideragarritasun plan bat prestatzeko erabiliko du. Asmoa da epaimahaiak aurtengo maiatzean jakinaraztea zein den proiektu irabazlea.

Proiektuen balioespenean ondoko hauek hartuko dira kontuan: proiektuaren izaera berritzailea eta garapen maila, enplegagarritasuna, nazioarteko proiekzioa, eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, iraunkortasuna, parte-hartzaileen benetako inplikazio maila eta gizarte-erantzukizuna.

Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategia (LUCE) unibertsitateko kide guztiei (ikasleak, irakasleak, ikerketa taldeak, langileak…) zuzentzen zaien zerbitzua da, enpresa berritzaileen sorrera bultzatzeko asmoz.

LUCE 2006. urtean jarri zen abian, eta horretarako lankidetza eman zuten ondoko erakunde hauek: Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN), NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak eta Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarteak (AJE).