Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak harrera egin dio gaur goizean Ángel Gabilondo Hezkuntza ministroari Errektoretzako bulegoan. Ministroa Iruñera etorri da eta, bide batez, Arrosadiko campusa bisitatu du.
Ministroak Unibertsitatearen Ohorezko Liburuan sinatu du eta errektoretza talde osoarekin bildu da Brunet Aretoan. Ángel Gabilondo errektoretza taldeko kideekin mintzatu da, eta bertatik ezagutu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zenbait proiektu. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zaragozako Unibertsitatearekin, Lleidako Unibertsitatearekin, eta Errioxako Unibertsitatearekin batera, Campus Iberus proiektua osatzen du, zeinari Nazioarteko Bikaintasun Campus kalifikazioa eman baitio Hezkuntza Ministerioak.


ezkerretik eskuinera, Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordea, Julio Lafuente errektorea eta Ángel Gabilondo ministroa, errektoretza taldearekin izandako bileran
Izan ere, bikaintasun campus honen ezaugarrietako bat unibertsitatearteko eta erkidegoarteko lankidetza da, lau autonomia erkidego eta jakintza arlo guztiak biltzen baititu. Zehazki, campusa hiru espezializazio arlotan egituratzen da: bizi-kalitaterako materialak eta teknologia (bi adar ditu: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena), nekazaritako elikagaiak eta nutrizioa; eta memoria, ondarea eta identitateak.