Nafarroako Unibertsitate Publikoak sei proiektu aurkeztu ditu berriki Cadizen egin den Unibertsitatea eta Garapenerako Lankidetza izeneko V. Biltzarrean. “Garapenerako Unibertsitate Lankidetza krisiak jota dagoen mundu baten erronken aurrean” izan da biltzar honen izenburua, eta aurretiaz aukeratutako 72 komunikazio eta 114 poster aurkeztu ziren osotara.
Antolatzaileei aurkeztu zizkien sei posterrekin joan zen NUP topaketa honetara. Proiektu horietan azken urteetan garatutako hainbat lankidetza proiektu eta Prestakuntza Solidarioko programaren alde onak eta txarrak aztertzen dira, programa abian jarri zenetik hamarkada bat igaro eta gero.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Proiektuak, Landa Ingeniaritza eta Energia berriztagarrien Ikerketa Taldeak garatu du aurkeztu diren proiektuetariko lehena, eta Cisjordanian (Palestina) aprobetxamendu eolikoaren sarea ezartzea bideragarria ote den zehaztea du helburu. Ekimen hau An-Najah unibertsitatearekin lankidetzan egiten ari dira, eta dagoeneko bigarren fasean dago. Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak finantzatzen du fase hori.
Bigarren posterrak azaltzen du Erizaintza Diplomaturako zazpi ikaslek egindako lana. Prestakuntza Solidarioko programa baten bidez praktikak egin dituzte Perun, Bolivian eta Salvadorren. Ikasleek haurren kontrako indarkeriari aurrea hartzeko programa batean parte hartu zuten, langileak prestatu zituzten eta landa populazio indigenei laguntza eman zieten.
Unibertsitatea eta Garapenerako Lankidetza izeneko V. Biltzarrean aurkeztutako hirugarren proiektua Ekuadorren garatzen ari dira. Elikagaien Teknologia Saila da proiektuaren buru Ambatoko Unibertsitate Teknikoarekin lankidetzan, eta emakume laborarien elkarte bati fruta-ardoak produzitzeko eta merkaturatzeko aholkularitza ematea da proiektuaren helburua.
Laugarren posterra ikerketa bat zen Salcajan industria-kutsadurari aurrea hartzeari buruzkoa. Salcaja Guatemala mendebaldeko herri bat da, eta Samalá ibaiaren kutsadurak larriki kaltetu du. Eddiemar Floresek, NUPeko Kimika Aplikatuko Sailean tesia egiten ari den Guatemalako ikasle batek, aurkeztu zuen lan hau.
Lankidetza nekazaritzan Nafarroako Unibertsitate Publikotik da aurkeztu den bosgarren proiektuaren izenburua. Nekazaritzako Ekoizpen Sailak eta Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren Arloak egindako azterketa bat da, eta erakundeak eremu honetan egindako jarduerak aztertzen ditu.
Azkenik, Prestakuntza Solidarioa nazioarteko mugikortasun programari buruz egiten ari den azterketaren aurrerapen bat aurkeztu zuen biltzarrean NUPek. Hamarkada bat igaro da programa hori sortu zenetik. Ikasleei solidaritatearen balioetara eta lankidetzaren esparrura hurbiltzeko aukera ematen die, eta horretarako praktikak egiten dituzte eta ikasketen amaierako proiektuak, edo tokiko unibertsitateekin eta GKEekin lankidetzan aritzen dira. Posterrean pogramaren eta hamar deialdietan parte hartu duten bekadunen profilaren berri ematen zen.