Joan eduki nagusira

zoom José A. Ordoñana Martín

José A. Ordoñana Martín

José Antonio Ordoñana Martín kontserbatorioko goi mailako tituluduna da Zeharkako Txirula espezialitatean eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta musika heziketa duten entzuleek musika ez tonala nola hautematen eta ezagutzen duten ikertu du bere doktoretza tesian. Musika-eskoletako eta kontserbatorioko irakasleek eta musikako goi mailako graduko ikasleek parte hartu zuten ikerketan, eta emaitzek erakutsi zuten “musika konposizio ez tonal baten linealtasuna gorabehera, entzule horiek, entzuteko senari esker, gai direla musika-esaldiak elkartzeko eta partituraren beste alderdi batzuetan oinarritutako hierarkiak ezartzeko, eta horrela musika konposizio hori antolatzeko eta ulertzeko”.

Musika atonalak, hautematearen ikuspegitik, ez dio jarraitzen musika tonalean dagoen antolaketari, honetan eskalako gradu bakoitzak funtzio bat baitauka eta hierarkikoa da gainera. Aitzitik, musika atonalak ez ditu erabiltzen zentro tonalak musika diskurtsoaren gune egonkor gisa.

“Musika ez tonala ez da sozialki onartutako musika bat, azken hamarkadetan bultzada handia jaso badu ere —esan du ikertzaile honek—. Musika hori ulertzeko zailtasunaren atzean dagoen arrazoia tonalitatearen enkulturazio indartsu bat da, eta atonalitateak ez daukala aurrez ezarritako egiturarik bera ulertzea erraztuko duenik. Hala ere, musika heziketa duen ikasle batek badauka hautemateko ahalmena, eta ahalmen horri esker musika azala era ulergarrian antolatzen eta egituratzen du. Hau da: entzulearen intuizio eta hautemate ahalmenak musika azala antolatzeko modua eman behar du ulergarriago egiteko”.

Musikariek eta ez musikariek musika atonalari buruz zuten jarrera konparatzen zuten beste azterketa batzuek ez bezala, musika heziketa jaso duten entzuleak izan ditu José Antonio Ordoñanak. Zehatzago esanda, bi azterketa egin ditu: Lehenengoan, musika-eskolako eta kontserbatorioko 22 ikaslek parte hartu zuten, eta Jolivet eta Varèseren lan atonalak entzun zituzten; eta bigarrenean, berriz, musikako goi mailako graduko 44 ikaslek eta Takemitsu eta Camposen lanak entzun zituzten.

Azaldu duenez, bere ikerketako gauzarik aipagarriena da “Takemitsurena bezalako lan baten entzunaldian musikariek izan duten jarrera, sortzez lan lineala baita, eta segmentatzen zaila”. Hala ere, musika heziketa duten entzule hauek, beren hautemateko intuizioari esker, partituraren beste alderdi batzuetan oinarritutako hierarkiak antolatzen eta ezartzen dituzte, eta horrek antolatzeko eta ulertzeko modua ematen du".

Berrikuntza metodologiko gisa, entzunaldi ezberdinen arteko egokitasun analisiak eta hautemate-egonkortasuneko analisiak nabarmendu ditu, eta horiei esker “parte-hartzaileen hautemate jarrera zein den ikusten da. Halaber, lanak baieztatu egin du “piezaren elementu nabarienen eragin erabakigarria taldeak eratzeko” eta “entzulearen ahalmenak baldintzatzen duela musika lanaren koherentzia, alegia, zer nolako ahalmena duen, musika tonala entzutearen ondorioz dauzkan konbentzionalismoak utziz, musika informazioa erabiltzeko”.

“La estructura de la música atonal y las leyes de la percepción. Un estudio con profesorado y estudiantes de música” da bere doktoretza tesiaren izenburua. Ana Laucirica NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak eta Michel Imberty París Ouest Nanterre Unibertsitateko Psikologia Saileko irakasleek zuzendu dute, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Jose A. Ordoñana irakasle-lanetan ibili da hainbat musika-eskolatan eta ganbera-musikako hainbat taldetan interprete aritu da, bai eta bakarlari ere Euskalduna jauregian (Bilbon), Kursalen (Donostian) eta Baluarten (Iruñean) musika ipuin batzuk eszenaratzen. Musika Adierazpenaren Didaktika arloan irakasle aritzen da bai NUPen eta bai EHUn ere, eta zeharkako txirulako irakaslea da Bergarako Musika Eskolan.

BBKaren (Bilbao Bizkaia Kutxa) beka baten bidez egin zuen bere lehen ikerketa-lana, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kantu gregonianoko kantutegiak katalogatu zituen. NUPen, Musika-pertzepzioaren ebaluaziorako eta garapeneko ikerketa-taldeko kidea da, eta ikertzaile aritu da Eusko Ikaskuntzak, Errioxar Ikasketen Institutuak, Andaluziako Juntak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Europako Batzordeak (Alfa proiektuak) eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako proiektuetan. Hainbat artikulu idatzi ditu -horietako batzuk nazioartean oihartzuna izan dute-, eta musika heziketaren eta ezagutzaren esparruko hainbat nazioarteko biltzarretan parte hartu du. Gaur egun, ikertzaile ari da Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako proiektu batean. Proiektu horrek hainbat alderdi ebaluatzen ditu, hala nola ezagutza, emozioa eta entzutea musikako goi mailako graduko ikasleek interpretatutako lan atonaletan.