Fran Idareta Goldaracenaren tesiaren berritasun nagusia –bere tesia Espainian esku-hartze sozialaren etikari buruz egin den lehenengoetarikoa da– Emmanuel Lévinas filosofo juduaren etika Gizarte Lanera hurbiltzea izan da. Bere ekarpenak “erabiltzailearengana sentsibilitatearen bidez hurbiltzea eta bere berezitasuna ukitu gabe gordetzea” proposatzen du, eta Gizarte Lanean etikari eta epistemologiari buruz egin diren doktoretza tesien urritasunari aurre egiten dio.
“Ética como primera filosofía: aproximación de la ética de Emmanuel Lévinas al Trabajo Social” da doktoretza tesiaren izenburua, María Jesús Úriz Pemán Gizarte Laneko Saileko zuzendariak zuzendu du, bikain cum laude kalifikazioa lortu du eta Unibertsitateak ematen dituen Doktoretzako aparteko sarietarako proposatu dute.
Ikerketa honen egileak azaldu duenez, gaur egun, Gizarte Lana bezalako diziplinetan, erabiltzailearenganako hurbilketa arrazoimenaren bidez egiten da bakar-bakarrik, hau da, “erabiltzailea berari buruz dugun ideiara egokitzen dugu”. Alabaina, Lévinasen iritzian, bestea alter egotzat hartzetik harago, gure ideia bat balitz bezala, nire zaurgarritasuna eta hortaz nire sentsibilitatea pizten dituen zaurgarritasun ezin aurreikusizkoa bezala ulertu behar dugu. Horregatik, profesionala sentsibilitatearen bidez hurbiltzea proposatzen da, “sentsibilitate horren arabera, aurrerantzean erabiltzailearen alderdi emozionalak arrazionalki bere gain hartzeko begiratu beharko du, erabiltzailea behin betiko kategorietan sailkatu gabe, horrela bere erabaki autonomoa babesteko”.
Aurpegiaren eta erantzukizunaren nozioak zeharkakoak dira Lévinasen lanean. Aurpegi kontzeptua ez da ulertu behar aurpegiaren azala edo kanpoko itxura bezala, baizik eta horretaz gainera aurpegiaren atzean ezkutatzen den alderdi gizatiar ukigabea da. Esku-hartze sozialerako proposatzen dugun oinarri etikoa, erabiltzailearen zaurgarritasun espresioak edo aurpegiak erasan eta gero, profesionalak bere gain hartu duen erantzukizuna da”, esan du Idareta doktoreak.
Fran Idareta Goldaracena UHUNeko irakaslea da, eta EFIMEC ikerketa taldeko kidea. Talde hori Espainian aitzindaria da esku-hartze sozialaren etikan eta zientziaren filosofian eta metodologian. Artikulu batzuk argitaratu ditu Gizarte Laneko nazioko aldizkarietan, eta hurrengo ekainean EHUn egingo den Etikako eta Filosofia Politikoko Espainiako Elkartearen Nazioarteko Biltzarrean parte hartuko du gonbidatu gisa. Bere ikerketa jardueraz gainera, musika konposizioa eta interpretazioa egiten du, eta elkarlanean aritu da hainbat artistarekin, hala nola Kepa Junkera edo Carlos Núñezekin.