Nafarroako Unibertsitate Publikoan asteazken honetako eguerdiko 14:00etan amaituko da 2011-2012 ikasturterako aurreinskripzio aurreratua egiteko epea, NUPen ematen diren 16 Graduetako edozeinetan ikaspostua eskatzeko.
Aurreinskripzioa, soilik webgunearen bidez egiten dena, ikasketak amaitzeko dauzkaten edo jada amaituta dauzkaten ikasleentzat dago zabalik. Apirileko aurreinskripzioa egin eta gero, baliozkoa izan dadin, aurreinskripzioa egin dutenek uztailaren 1a baino lehen aurkeztu edo bidali beharko dute eskatutako dokumentazioa. Nolanahi ere, aurreinskripzioa orain egiten dutenek ez dute lehentasunik edukiko aurreinskripzioa ekainean egiten dutenen aldean.
Aurreinskripzio prozesuan, ikasleek nahi dituzten lau titulazio jar ditzakete gehienez ere, lehentasun ordenaren arabera. Ikasle bat karrera batean onartua bada, lehentasun ordenaren arabera atzean zerrendatu zituen titulazioak baliogabetzen zaizkio, baina, ondoren argitaratzen diren onartuen zerrendetan, kontuan hartuko dira lehenetsi zituen titulazioak. Hala, gainerako onartuen zerrendetan onartua bada, lehen matrikula deuseztatu eta beste bat egiteko aukera du titulazio berrirako.
Onartuen lehen zerrenda uztailaren 18an argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek Unibertsitatearen web-orrialdean (www1.unavarra.es/estudios) jakinaraziko diren egunetan egin beharko dute matrikula.