Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2011-2012 ikasturterako aurreinskripzio aurreratua egiteko epea hurrengo astelehenean, 8:30ean, ireki eta apirilaren 20an, 14:00ean, itxiko da. Hiru egun horietan ikasleek, www.unavarra.es webgunearen bidez, ikaspostua eskatuko dute NUPen ematen diren 16 graduetako edozeinetan, eta zein karrera ikasi nahi duten edo dituzten adieraziko dute lehentasun ordenaren arabera.

Aurreinskripzioa zabalik dago ikasketak amaitu gabe dituzten edo amaitu dituzten ikasleentzat. Apirileko aurreinskripzioa egin eta gero, baliozkoa izan dadin, aurreinskripzioa egin dutenek uztailaren 1a baino lehen aurkeztu edo bidali beharko dute eskatutako dokumentazioa. Nolanahi ere, aurreinskripzioa orain egiten dutenek ez dute lehentasunik edukiko aurreinskripzioa ekainean egiten dutenen aldean. Aurreinskripzioa unibertsitateko webgunearen bidez egingo da bakarrik.

Aurreinskripzio prozesuan, ikasleek nahi dituzten lau titulazio jar ditzakete gehienez ere, lehentasun ordenaren arabera. Ikasle bat karrera batean onartua bada, lehentasun ordenaren arabera atzean zerrendatu zituen titulazioak baliogabetzen zaizkio, baina, ondoren argitaratzen diren onartuen zerrendetan, kontuan hartuko dira lehenetsi zituen titulazioak. Hala, ondorengo onartuen zerrendetan onartua bada, lehen matrikula deuseztatu eta beste bat egin ahalko du titulazio berrirako.

Onartuen lehen zerrenda uztailaren 18an argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek Unibertsitatearen web-orrialdean (www1.unavarra.es/estudios) jakinaraziko diren egunetan egin beharko dute matrikula.