Nafarroako Unibertsitate Publikoak astelehen honetatik aurrera, apirilak 11, erakutsiko ditu unibertsitate komunitateko kideen boluntariotza esperientziak Elkartasunaren Astean. Aipatu astea apirilaren 15a arte gauzatuko da. Gizarte Ekintzarako Unitateak eta Garapenerako Lankidetzaren Arloak antolatu dute Elkartasunaren Astearen programa, eta hitzaldiak, tailerrak, erakusketak eta topaketa solidario bat egingo dira. Nafarroan lan egiten duten GKEek beren proiektuak aurkeztu eta sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte aipatu topaketan. Elkartasunaren Astearen egitarau osoa hemen dago kontsultatzeko: www.unavarra.es
“Boluntariotza: hiritar eraginkorren alde” da edizio honen izenburua, eta protagonismo berezia izango dute unibertsitate komunitateko kideek sustatzen dituzten lankidetza ekimenek. Gaurko jardunaldian, hitzaldien eta tailerren bidez, proiektuak aurkeztu dituzte Mugarik gabeko Ingeniariek eta NUPek Afrikan eta Latinoamerikan dituen boluntariotza programetako ikasleek. Sario eraikineko, Ikasgelategiko atondoko edo Osasun Zientzien eraikineko erakusketetan ere ageri da unibertsitate komunitateko kideen lan solidarioa. Erakusketa horiek aste osoan egongo dira ikusgai.
Horretaz gainera, Elkartasunaren Astean parte hartuko dute Fundación Secretariado Gitano erakundeak, Iruñeko Udaleko Boluntariotza Bulegoak, Nafarroako ekimen sozialeko erakundeek edo Iruñean eta Tuteran lan egiten duten GKEek.
Kubo solidarioa eta topaketa GKEekin
Edizio honetako ekimen berritzaileetariko bat kubo solidario bat da. Ikasgelategiko hall nagusian egongo da aste osoan, eta erakundeek bertan jarriko dituzte beren esperientzia solidarioei buruzko testuak eta argazkiak. Horretaz gainera, Ikasgelategian Topaketa Solidarioa egingo da berriz ere. Nafarroan lan egiten duten GKEek eta erakunde sozialek standen bidez aurkeztuko dituzte egiten dituzten lanak eta sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte. Topaketa apirilaren 13an, asteazkenean, 11:00etatik 16:00etara egingo da.