Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa doktore inbestitu du gaur Agustín González Acilu nafar musikagilea, Unibertsitatearen Eguna ospatzearekin batera. Ekitaldian Julio Lafuente errektorea aritu da buru. Bertara agertu dira Nafarroako agintari nagusiak eta eragile sozial eta ekonomikoak, eta ordezkari ugari, unibertsitateko komunitatearenak, eta kulturaren arlokoak.
Etorritako agintarien artean zeuden Miguel Sanz Gobernuko lehendakaria, eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak, Alberto Catalán eta Juan Ramón Corpas, hurrenez-hurren; Yolanda Barcina Iruñeko alkatea; Elena Torres Parlamentuko lehendakaria, Elma Sainz Gobernuko ordezkaria; Heliodoro Robleda Comptos Ganberako lehendakaria; Javier Enériz arartekoa, Juan Manuel Fernández Nafarroako Auzitegi Nagusiko burua; eta hainbat parlamentario, Kongresuko eta Senatuko ordezkari eta zinegotzi.
Agustin González Acilurekin batera, Nafarroako kultur ordezkaritza jendetsua izan da, zehatz mehatz, musika taldeetakoak; esaterako, Iruñeko Orfeoikoak edo Nafarroako Orkestra Sinfonikokoak. Halaber, egon dira Antonio Álvarez Cañibano, Kultura Ministerioko Musika eta Arte Eszenikoen Institutu Nazionaleko Musika eta Dantzaren Dokumentazio Zentroko zuzendaria, eta Rafael Moneo Tuterako arkitekto eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko honoris causa doktorea. Gonbidatuen artean ere baziren nafar konpositoreak sorleku duen Altsasutik etorritako hainbat senide eta adiskide.
Ekitaldiaren hasiera errektorearen esku egon da. Lehenik Segizio akademikoaren desfilea egin da, Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak Erresuma Sartzeko Martxa jotzen zuen bitartean. Ondoren, 2009-10 ikasturteko Aparteko Sariak eman dizkiete 37 ikasleri, intsigniak jarri dizkiete 5 langile erretiraturi, 28 doktore berri inbestitu dituzte, eta azken urte honetan izendatu diren 40 irakasle funtzionariok postuen jabetza hartu dute.
Inbestidura ekitaldia eta lan baten estreinaldia
Ondotik Agustín González Acilu honoris causa doktore inbestitzeko ekitaldia izan da. Horretarako, hasieran irakurri egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak sari hori emateko hartu zuen erabakia. Nafar musikariaren laudatioa Teresa Catalán Sánchez iruindar musikagilearen eskutik egin da. Jarraian, Agustín González Aciluk errektorearen eskutik jaso du birreta eta Jakintzaren Liburua, oraingo honetan Diego Lópezen Declaración magistral sobre las Sátiras de Juvenal, Príncipe de los Poetas Satíricos izenburukoa.
Altsasuko musikariak izendapena eskertu du hitzaldi batez eta jarraian Anna Siwek biolinistak “Límite III” Aciluren lana interpretatu du estreinakoz. Errektorearen hitzen ondoren, ekitaldia bukatzeko, ohi bezala, Gaudeamus igitur interpretatu dute Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak eta Unibertsitateko Abesbatzak. Ekitaldiko alderdi musikalean honako lan hauek interpretatu dira: Kilkerra, Josquin des Prez-ena, Ode for St. Cecilia´s day eta Watermusic (II. Suitea, Re Maiorrean, 11. zk.), biak George Friedrich Handelenak, La Nuit, Noyon / Sciortino-rena, eta Basoilarrak, Aita Donostiarena.
Agustín González Acilu, 1929 Altsasun jaioa, XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan Espainiako musikak izan zuen berritzaile garrantzitsuenetakotzat jotzen dute. Nafar musikariak, bere musika karrera luzean zehar, sari ugari eskuratu ditu, besteak beste Musikako Sari Nazionala, bi aldiz (1971n eta 1998an). 2009an Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Urrezko Domina eman zioten, musikaren munduko pertsonaia esanguratsuei ematen zaiena. Halaber, urte berean, Nafarroako Gobernuak Kulturako Viana Printzea Saria eman zion.
Bederatzigarren Honoris Causa doktorea
Agustín González Acilu Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatutako bederatzigarren Honoris Causa doktorea da. Beste zortziak honako hauek dira: Manuel Losada Villasante (1997), Ángel G. Jordán Goñi (2000), Joseph D. Novak (2001), Enrique Sánchez-Monje y Perallada (2004), Rafael Moneo Vallés (2007), Pedro Miguel Etxenike (2008), Richard Serra (2009) eta Montxo Armendáriz (2010).