Ezkerretik eskuinera, Ignacio Matías, Javier Caballero eta Mikel Martínez, deialdiaren aurkezpenean.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta IKT arloko Nafarroako Enpresen Elkartearekin lankidetzan (ATANA), lehiaketa batera deitu du Open Data Navarraren katalogoko datuak erabiliko dituzten proiektu espezifikoak sartzeko. Katalogo hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko eremu espezifiko bat da, eta bere helburua da Administrazioaren datuak eta informazioa eskura jartzea, halako eran non banatzeko erabilgarri egongo baitira. Deialdiak bi modalitate ditu teknologia enpresentzat eta unibertsitateko ikasleentzat, eta Open Data Navarraren aukerak indartu nahi ditu eta herritarren artean bere erabilera sustatu. Proiektuak 2011ko ekainaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira.
Sari hauetarako deialdia gaur, ostirala, apirilak 1, aurkeztu zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei Ikasgelategiko 018. ikasgelan egindako ekitaldi batean. Bertan izan dira honako hauek: Ignacio Matías Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria; Javier Caballero Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria eta Mikel Martínez IKT arloko Nafarroako Enpresen Elkarteko (ATANA) zuzendaria.
Open Data Navarrarako edozein web zerbitzu eta aplikazio eskainiko duten proiektuak saritu nahi ditu deialdi honen bidez. Zerbitzu eta aplikazio horien artean daude, esaterako, webguneak, mugikorretarako aplikazioak edo miniaplikazio informatikoak (widgetsak eta portletsak). Lanek jatorrizkoak izan behar dute, eta, gutxienez, Open Data Navarran argitaratutako datu-iturri bat erabili behar dute (http://opendata.navarra.es). Nolanahi ere, katalogoan ez dagoen eta publikoa den daturen bat behar izanez gero, datu hori erabiltzeko eskaera egingo zaio Nafarroako Gobernuaren Modernizazio eta Administrazio Elektronikoko Zuzenaritza Nagusiari. Aurkezten diren proiektuek eskuragarri egon behar dute erakundeak, beste parte-hartzaile batzuek edo nahi dutenek webaren bidez URL batekin proiektua berrikusi ahal izan dezaten.
Open Data Navarra Sarien oinarriak helbide honetan daude ikusgai: http://www.navarra.es/home_es/Congresos/PremiosOpenData/default.htm; eta hortik jaitsi behar da eskaerak aurkezteko eredua. Parte-hartzaileek aplikazioaren azalpen labur bat, proiektura sartzeko URLa, aplikatutako teknologiaren deskribapena eta iturburu-kodea emango dituzte.
Epaimahaiaren balioespena eta sariak
Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta IKT arloko Nafarroako Enpresen Elkartearen ordezkariek osatuko dute epaimahaia, eta proiektuaren izaera berritzailea, kalitatea eta sormena balioetsiko ditu, bereziki gardentasunari, erabilgarritasunari eta iraupenari dagokienean.
IKT arloko enpresentzako modalitateko lehen saria 4.000 eurokoa izango da, eta bigarren saria 2.000 eurokoa. Bestalde, unibertsitateko ikasleentzako modalitateko lehen saria 3.000 eurokoa izango da, eta bi bigarren sari emango dira, iPad 2 bana, hain justu.
Edozein titulaziotan (graduak, graduondoak edo lehen eta bigarren zikloak barne) eta Nafarroako bi unibertsitateetako batean aurtengo ikasturtean matrikulatu diren edo deialdi hau argitaratu zen egunetik kontatzen hasita azken hiru urte naturaletan titulua lortu duten unibertsitateko ikasleek parte hartuko dute lehiaketan.