Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Gustavo Ochoa, María Gaspar, Julio Lafuente eta Josep Grané

Ezkerretik eskuinera, Gustavo Ochoa, María Gaspar, Julio Lafuente eta Josep Grané

Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo da martxoaren 25ean eta 26an Espainiako XLVII. Matematika Olinpiada. Lehiaketa honetan matematika eta asmamen problemak ebazten dira, eta zientzia honen ikaskuntza eta gazte talentudunen garapena sustatzea du helburu. Guztira, autonomia erkidego guztietatik etorritako Batxilergoko 120 ikaslek parte hartuko dute, eta horietatik hiruk Nafarroa ordezkatuko dute. NUPeko Matematika Sailak eta Espainiako Matematikako Erret Elkarteak antolatu dute olinpiada, eta Arrosadiko campuseko Sario eraikinean eta Osasun Ikasketen Eskolan garatuko da. Sari banaketa eskola hartan izango da. Olinpiadak hainbat erakunderen lankidetza dauka; esaterako, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko eta Lizarrako udalak, Nafarroako kutxak, Rural kutxak eta Santander banketxeak, Iruñeko Planetarioak eta Promete Fundazioak lagundu dute.

Gaur, osteguna, martxoak 24, aurkeztu dira prentsaurrekoan probaren programa eta ezaugarriak. Prentsaurreko horretan izan dira Julio Lafuente NUPeko errektorea eta Aljebra katedraduna, María Gaspar Espainiako Matematikako Erret Elkarteko Olinpiaden Batzordeko burua, Josep Grané Olinpiadetako problemak eta epaimahaiko kideak aukeratzeko arduraduna eta Gustavo Ochoa XLVII. Matematika Olinpiadaren Batzorde Antolatzailearen arduraduna eta NUPeko Aljebra irakaslea.

Olinpiadaren finalean parte hartuko dute 2011. urtearen hasieratik egin diren eskualdeko fase bakoitzean lehenengo hiru tokietan sailkatu diren ikasleek. Nafarroari dagokionean, José Sebastián Ochotorena Iruñeko San Ignacio ikastetxeko Batxilergoko 2. ikasmailako ikaslea izan zen irabazlea, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Nabor Jiménez Segura Alhama de Corella Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeko Batxilergoko 2. ikasmailako ikaslea eta Álvaro Mozota Frauca Iruñeko San Ignacio ikastetxeko Batxilergoko 2. ikasmailako ikaslea. Proba urtarrilean egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta 62 gaztek parte hartu zuten.

Gazte talentudunak akuilatzea

Matematika Olinpiaden helburu nagusia da da Matematikaren azterketa sustatzea eta zientzia horretan gazte talentudunak sortzea. Problemek geroz eta zailtasun handiagoa dute, tokiko fasea, fase nazionala edo nazioartekoa den, eta ez da eduki behar matematikako ezagutza berezirik. Aitizitik, bilatzen dena da ikaslea arrazoitzeko gaitasunaz baliatzea haiek ebazteko, alegia, egoera berriei aurre egiteko trebetasunaz, bai eta “ideia zoriontsu” izenez ezagutu ohi den horretatik pixka bat izatea ere.

Antolakuntzak bi saio antolatu ditu problemak ebazteko. Lehenengoa bihar, ostirala, egingo da 9:30etik aurrera Sarion. Bigarren saioa biharamunean eta ordu berean egingo da.

Olinpiaden programak jasotzen ditu, halaber, bisita gidatu bat Lizarrara eta fase autonomikoko sari banaketa. Sari banaketa hori Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako ekitaldi-aretoan egingo da 19:30ean. Toki horretan bertan egingo da larunbatean, 19:30ean, Espainiako XLVII. Matematika Olinpiadaren amaiera-ekitaldia eta sari banaketa. Pograma osoa helbide honetan dago: http://www1.unavarra.es/olimpiada-matematica/

Bestalde, gogorarazi behar da nazioko fasean sailkatzen diren lehenengoek Herbeheretan egingo den Nazioarteko 52. Matematika Olinpiadan parte hartuko duen Espainiako talde olinpikoan parte hartzeko modua izango dute 2011ko uztailean. Era berean, irailean Costa Rican egingo den Iberoamerikako Matematika Olinpiadara joateko modua izango dute.