Joan eduki nagusira

“Alternatibak krisi(ar)en aurrean” da martxoaren 16an eta 17an Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo diren Ekonomia Solidarioari buruzko Nazioarteko IV. Jardunaldien izenburua. Nafarroako (REAS) Ekonomia Alternatibo eta Solidarioko Sareak antolatu ditu. Topaketa Haginak eraikineko ekitaldi aretoan egingo da eta bihar, martxoaren 16an, hasiko da arratsaldeko 17:00etan.

Jardunaldi hauen bidez ekonomia alternatibo eta eraldatzailearen garapenari eta eraketari buruz hausnartzeko eta eztabaidarako gunea sortu nahi da. Nazioarteko IV. Jardunaldietan gaur egun dagoen krisi egoera aztertuko da ikuspegi alternatibo batetik, eta elkartasunaren, lankidetzaren, ingurumenarekiko errespetuaren eta inguruarekiko konpromisoaren printzipioetan oinarrituz.

Bi saioetako lehenak ekonomia solidarioaren nazioarteko adierazpena izango du ardatz, Hispanoamerikako, Europako eta Brasilgo erronken eta egoeraren garapena aztertuz. Hizlariak honako hauek izango dira: Jose Luis Coraggio General Sarmientoko (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko Sistemas Económicos Urbanos irakasgaiaren ikertzaile eta irakasle titularra eta Red de Investigadores de la Economía Social y Solidaria (RILESS) sareko koordinatzailea; Juan Carlos Pérez de Mendiguren, Enpresa Zientzien irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean, Hegoa Institutuko ikertzailea ekonomia solidarioko gaietan, eta REAS Euskadi eta Nafarroako aholkularia Gizarte Ikuskaritza prozesuaren garapenean; eta Fabiola Zerbini, Faces do Brasil Bidezko Merkataritza eta Merkataritza Solidarioa egituratzeko Plataformako kidea; plataforma hori Brasilgo Bidezko Merkataritzako erakundeen koordinatzaile nagusietako bat da.

Bigarren saioan, ostegunean, martxoaren 17an, New Economics Fundation fundazioak egindako txostena aurkeztuko da, non XXI. mendearen prosperitaterako 21 lanorduko astea lagungarria izan daitekeela defenditzen baita. Aurkezpena egingo du Florent Marcellessi Ecopolítica taldeko aktibista ekologista, ikertzaile eta koordinatzaileak.

Jardunaldiak elkarrizketa-mahai tematiko batekin amaituko dira, eta hor Nafarroako eta beste erkidego batzuetako Ekonomia Solidarioko erakundeek hartuko dute parte, eta gaur egungo sistema ekonomikoaren alternatiba diren zenbait ekonomia ekimen aurkeztuko dira. Jardunaldi hauen egitarau osoa ikusgai dago honako helbide honetan:
http://www.economiasolidaria.org/jornada_reasnavarra_2011


Irabazi asmorik gabeko entitateen sare bat


Nafarroako (REAS) Ekonomia Alternatibo eta Solidarioko Sarea irabazi asmorik gabeko entitateen multzo bat da, 2003. urtetik elkarlanean jarduten duena honako eremu hauetan: kontsumo arduratsua, gizarteratze eta laneratzea, bidezko merkataritza eta fiare banka etikoa.

Sare hau osatzen duten entitateek uste dute jarduera ekonomikoa pertsonen zerbitzura egon behar dela, gizakien garapen iraunkorra eta parte-hartzailea ahalbidetzen duen justizia egiteko tresna gisa. Gaur egun guztira 40 entitatek osatzen dute elkartea, eta horien artean daude GKEak, gizarteratzeko eta laneratzeko zentroak, elkarteak eta enpresa solidarioak.