Edurne Pozueta Mendia Nafarroako Unibertsitatean doktore da eta kontzeptu mapak aplikatu ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matematikaren irakaskuntza hobetzeko. Bere ikerketa San Fermin Ikastolako DBHko 2. mailako ikasleei aplikatu zien eta frogatu zuen "kontzeptu mapak tresna eraginkorrak direla ikaskuntza esanguratsuaren eragile gisa”. eta irakaskuntza/ikaskuntza prozesuan ikasleek bilakaera positiboa izan zutela”.
Bere doktoretza tesia, "Una aplicación del modelo cognitivo constructivista y de los mapas conceptuales para la mejora de la enseñanza de las matemáticas en Educación Secundaria Obligatoria" izenburukoa, Fermín González García Psikologia eta Pedagogia Saileko katedradunak zuzendu du, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.
Lana 2006-2007 ikasturtean zehar egin zen, 84 ikaslerekin, eta aukeratu zen irakasgaia matematika izan zen. Metodologiaren aldetik, bi talde eratu ziren: 29 ikaslek kontrolerako taldea osatzen zuten –irakasgaiaren ikaskuntzan ikasgelako ohiko sitemari jarraitu zioten- eta 55 ikaslek talde esperimentala osatzen zuten, eta kontzeptu mapak erabili zituzten ikaskuntza prozesuan.
Ikertzaileak dioenez, lortutako emaitzek agerian jartzen dute sortutako diferentziak, talde bateko eta besteko ikasleek ikaskuntzan lortutakoari dagokionez, estatistikoki esanguratsuak direla. Gainera “bilakaera positibo garbia ikusten da talde esperimentaleko ikasleengan, eta diferentzia esanguratsuak daude ikasle horien hasierako eta bukaerako egoeren artean, hainbat alderditan". Hain zuzen ere, erabilitako kontzeptuen kopurua handitu zen, proposamen okerren kopurua murriztu zen, kontzeptu inklusiboena argi identifikatzea hobeki lortu zen, lotura gurutzatuen kopurua handitu zen eta hierarkia mailak eta haien koherentzia argitu ziren, besteak beste.
Kontzeptu mapak erabilgarriak dira ikasleek gai bati buruz aldez aurretik dituzten ezagutzak jakiteko eta haien ikaskuntzaren bilakaera aztertzeko. Tresna baliagarria da, ikaslearen aldetik ematen den ikaskuntza esanguratsuaren maila adierazteko, edo, bestela, argitzeko ikaskuntza funtsean memoristiko-mekanikoa izan ote den.
Edurne Pozueta Mendia Biologia Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta doktorea NUPen. 1990. urteaz geroztik matematikako eta natur zientzietako irakaslea izan da San Fermin ikastolan, Eta ikastetxe berean DBHko lehen zikloko koordinaketa lanak egin ditu. 2006-07 ikasturteaz geroztik lan horrekin batera NUPeko irakasle elkartua da, eta eskolak ematen ditu Zientzia Esperimentalen Didaktika arloan. Bere ikerketa artikulu eta lanetatik, aipatzekoa da kapitulu bat egin duela Springer argitaletxe ospetsuak argitaratu zuen “Concept Mapping In Mathematics: Research into Practice" izenburuko liburuan.