Nafarroako Unibertsitate Publikoak Jazz Zikloaren XI. Edizioa egingo du martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eta 2an. Aurtengo berritasun nagusia da programatutako hiru kontzertuak Baluarteko Ganbera Aretoan egingo direla. Musika-ziklo hau herritarrei hurbiltzea da kokapenez aldatzeko arrazoia, orain arte beti Arrosadiko Campusean egin baita. Al Foster Quartet, Filthy Habits Ensemble eta Carmen Parísek joko dute. Azken honek amaiera emango dio zikloari apirilaren 2an, larunbatean.
Gaur, asteazkena, martxoak 9, aurkeztu dute XI. Jazz Zikloa Camino Oslé NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak eta José Francisco Tapiz irakasleak, zikloaren irakaskuntza koordinatzaileak. Ziklo honen programa osorik kontsultagai dago helbide honetan: www1.unavarra.es/cultura/
Hiru kontzertuak 20:00etan egingo dira Baluarteko Ganbera Aretoan. Sarrera-txartelak gaurdanik salgai daude 8 euroan Baluarteko txartel leihatilan, baina hiru kontzertuetarako bonu bat jarriko da salgai 20 euroan. Unibertsitate komunitateko kideentzat 4 euroan egongo da salgai kontzertu bakoitzerako sarrera eta bonua 10 euroan. Kultura Jardueren Bulegoan ere salgai daude sarrerak. Bulegoa Ikasgelategiko 019. ikasgelan dago.
Zikloa lekuz aldatu dela jakinarazteko, martxoaren 30ean, asteazkenean, Iruñeko Broken Brothers brass bandek Arrosadiko Campusera eramango du jazz musika goizean, eta Alde Zaharreko kaleetara arratsaldean, New Orleansen egiten den bezala, eta handik Baluartera joango da.
New Yorketik, Kataluniatik eta Zaragozatik
Martxoaren 31n, ostegunean, emango dio hasiera jazz jaialdiari Al Foster Quartet Miles Davisen bateria-jotzaile ohiak zuzendutako New Yorkeko laukoteak. Al Foster jazzeko bateria-jotzaile handienetakotzat hartua da, oso gaztea zenetik hasi baitzen jotzen Miles Davisen talde ospetsuan. Bateria-jotzaileak musika-estilo anitz jorratu ditu forma askeko bebopetik jazz-rockera.
Filthy Habits Ensemble Bartzelonako taldeak joko du apirilaren 1ean, ostiralean, egingo den kontzertuan. “Plays Zappa” izeneko kontzertua aurkeztuko du, Frank Zappa gitarra-jotzaile iparramerikarraren musika jazzaren eta inprobisazioaren eremura nola hurbildu behar den erakusten duen kontzertua. Nabarmentzekoa da talde honen haize-sekzio indartsua. Hiru saxo eta tronpeta ditu, eta ezin hobea da moldaketak egiteko eta soloetan. Bideo jockey batek irudiak proiektatuko ditu.
Apirilaren 2an, larunbatean, zikloko hirugarren eta azken kontzertua egingo da. Carmen París zaragozarrak eskainiko du errezitaldia. Konpositore honek musika-estilo bereki bat sortu du flamenkoa edo jota jazarrekin eta soularekin elkartuz. “Paris pianoan” izeneko ikuskizun intimo eta hurbilekoa aurkeztuko du. Ikuskizun horretan, bere errepertorioko ale onenak eskaintzen ditu piano baten laguntzarekin.
Programan parte-hartzeagatik kredituak lortzeko aukera izango dute ikasleek lehenengo aldiz, eta José Francisco Tapiz irakasleak koordinatuko du programa. Programaren barnean dago “Jazza XXI. mendean” hitzaldia. Ziklo honetako afixaren ezaugarriak azalduko dira hitzaldian. Martxoaren 30ean, asteazkenean, 20:00etan egingo da 018. Ikasgelategiko ikasgelan eta interesa duten guztiei zuzendurik dago.