Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan abian da errektorea izendatzeko hauteskunde prozesua. Julio Lafuente NUPeko errektoreak onetsi du deialdia, hauteskunde egutegia jendaurrean jartzen duen erabaki baten bidez. Lehen itzuliko bozketak apirilaren 14an izango dira, ostegunean, eta bigarren itzulia, egin behar bada, maiatzaren 5ean, ostegunean, izateko programatu da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegiak eta Estatutuek ezartzen dutenaren arabera, unibertsitateko komunitateak aukeratzen du errektorea, hautaketa zuzenaren eta sufragio unibertsal, libre eta isilaren bidez, NUPen aktibo dauden eta zerbitzu ematen aritzen diren katedradunen artetik. Hautesle bakoitzak hautagaitza bakar bati emango dio botoa. Boto haztatuta izango da, unibertsitate komunitateko arloetan, Estatutuetan eta Hauteskunde Arautegian ezarritako ehunekoei jarraikiz.

Hauteskunde egutegia datorren astelehenean, martxoaren 14an, hasiko da, behin-behineko errolden argitalpenarekin. Hautagaitzak aurkezteko epea martxoaren 22tik 25era arte da. Hauteskunde kanpaina apirilaren 1ean, ostiralean, hasiko da, zero orduan, eta apirilaren 12an, asteartean, bukatuko da, 24:00etan.

Hauteskunde eguna, lehen itzulian, eta, egiten bada, bigarren itzulian ere bai, etenik gabe egingo da, 10:00etatik 18:00etara, salbu eta ikasleen arloko bi mahaietan. Horiek Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan eta Tuterako campusean eratuko dira, eta hauteskunde eguna etenik gabe egingo da, 12:00etatik 17:00etara. Hauteskunde prozesu honetarako egutegi osoa www.unavarra.es orrialdean dago kontsultatzeko.

Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeari dagokio antolamendua, kontrola, emaitzen aldarrikapena eta inpugnazioen ebazpena. Erreklamazioak, eskaerak eta hautagaitzak Hauteskunde Batzordeko buruari zuzendu behar zaizkio dagokion eguneko 14:00ak baino lehen, Unibertsitateko Iruñeko campuseko edo Tuterako campuseko erregistroan.