Bihar, asteartea, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela-eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak askotariko programa prestatu du aste osorako eta erakusketak, hitzaldiak eta antzerkia egingo dira. “Aurrerakada geraezina" da Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko aurten aukeratutako leloa, eta lelo horrekin sinbolizatu nahi dira azken urteetako lorpenak eta oraindik ere gainditu behar diren erronkak gizarte berdinzale batean bizitzeko. Erronka horiek bultzatu behar gaituzte unibertsitate berdinzaleago baten alde lanean jarraitzera.
NUPeko Berdintasun Unitateak antolatu du ekitaldi-programa, eta gaur, astelehena, martxoak 7, hasi da Beatriz Albarránen “Érase una vez… que no era” argazki-erakusketaren inaugurazioarekin. Egilea Bilbon jaioa da, eta emakumearen irudiaren perspektiba berria eskaintzen saiatu da ipuin tradizionalak berrinterpretatuz. Hermanos Grimm, Charles Perrault edo Hans Christian Andersenen literatura dira argazkien inspirazio-iturri, eta lan hauetan erakutsi ohi diren feminitate-estereotipoak hausten dituzte, eta egokitzen zaizkien rol pasibo, zaurgarri eta bigarren mailakoetatik askatzen dituzte protagonistak. Erakusketa Ikasgelategiko kafetegian egongo da martxoaren 18ra arte.
Pikor Teatro taldeak “Ellas bailan solas” kale-antzerkiko emanaldia eskainiko du martxoaren 9an, asteazkenean, Ikasgelategiko hallean. Bi emakume adineko aingeruzko itxurarekin kaleetan barna dabiltza beren aulki gurpildunetan zahar etxetik ihes egin eta gero. Zaintzaileak beren bila dabiltza, baina emakumeek erabaki dute: ez dira gehiago aulki batean baztertuta egongo. Oraindik ere promesa eta amets asko dituzte betetzeko. Oraindik ere mundua berenganatzeko grina duten adinekoak omentzen ditu antzezlanak, eta 012. ikasgelaren ondoko Ikasgelategiaren hallean egingo da 12:00etan. Kultura Jardueren Atalak laguntza eman du bai erakusketa egiteko, bai antzezlana egiteko.
Hitzaldi batek amaiera emango dio egitarauari otsailaren 10ean, ostegunean. Amaya Martínez de Viergol Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta generoan adituak emango du hitzaldia. “Mainstreaming edo genero zeharkakotasuna Unibertsitatean” du izenburua, eta Soforak eraikineko batzar-gelan egingo da 9:30ean. Gero, Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrak ikasturte honetarako prestatu duen Berdintasunerako III. Ekintza Planaren lerro nagusiak aurkeztuko dira.
Bestalde, NUPek gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunerako ikastaro bat antolatu du NUPek. Maiatzaren 2tik 13ra arte egingo da, eta unibertsitate komunitateko kideei zuzentzen zaie. Ikastaro honen helburua da tresnak eskaintzea lanpostua emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzeko. Ikastaroa doakoa da, eta eskaerak aurkezteko azken eguna martxoaren 18a da. Eskaerak Ikasgelategiko 026. ikasgelan aurkeztuko dira edo posta elektronikoko helbide honetara bidaliko dira: unidad.igualdad@unavarra.es