Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Txus Pintor (NUP), Laureano Gómez Vega (ANECA) eta Santiago Roca Martín (Bartzelonako Politeknikoa).

Ezkerretik eskuinera, Txus Pintor (NUP), Laureano Gómez Vega (ANECA) eta Santiago Roca Martín (Bartzelonako Politeknikoa).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, gaur, asteazkena, martxoak 2, inauguratu ditu bere ikasketen kalitatearen kudeaketari buruzko jardunaldi batzuk. Eskaintzen diren titulazioak hobetzeko hainbat jarduera eta horien euskarri diren zenbait tresna berritzaile aztertuko dira bertan. Jardunaldiak unibertsitateko kideei zuzenduak daude, Sario eraikinean egingo dira eta heldu den ostegunera arte, martxoaren 4ra arte, luzatuko dira. Topaketa hauetan eztabaidatuko diren gaien artean, nabarmentzekoak dira honako gai hauek: Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemak (KBBS) eta horien aplikazioa NUPen, titulazioen egokitzapena Europako Unibertsitate Eremuan, edo kalitatea kudeatzeko tresnak, esaterako, NireIkasgelategia.

NUPeko Ikasketen Kalitatearen Kudeaketari buruzko I. Jardunaldien erakunde aurkezpena gaur egin da, Fernando Remacha Aretoan, goizeko 9:15ean, Jesús María Pintor Borobia Irakaskuntzako errektoreordearen eskutik. Ondoren, Laureano Gómez Vega Aneca Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren Ikasketen eta Erakundeen Ebaluaziorako Unitatekoak honako hitzaldi hau eman du: “Kalitatea bermatzeko barne prozedura. KBBS izenekoak: titulazioen jarraipena egiteko eta horiek egiaztatzeko eta bermatzeko moduak”.

zoom Entzulegoaren irudia.

Entzulegoaren irudia.

Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordea izan da jardunaldietako hurrengo hizlaria, eta bere hitzaldian aztertu ditu Nazioarteko Bikaintasun Campusaren erronkak NUPeko ikasketetan. Egitarauak Santiago Roca Martín Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko Plangintza, Ebaluazio eta Kalitatearen Arloko zuzendariaren hitzaldi batekin jarraitu du. Hitzaldiaren izenburua honako hau izan da: “Zer da KBSS bat? Zertarako da? Nola ezarri KBBS bat arrakastaz? Irakaskuntzaren, ikerketaren eta zerbitzuen kalitatea”.

Goizeko saioa mahainguru batekin amaitu da, eta hor unibertsitateko hainbat arlotako eta kanpoko erakundeetako ordezkariek parte hartu dute. Mahaian egon dira: Jesús Irurre Arigita NUPeko Gizarte Kontseiluko burua; Josune Urzainqui Miqueleiz Kanpo Harremanetarako Ataleko eta Ikasleentzako Argibide Bulegoko burua; Javier Merino Díaz de Cerio Enpresen Antolaketa Arloko irakaslea; Jesús Ramón Loitegui Aldaz INAPeko Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria eta Kalitatearen Berme Batzordearen kanpo ordezkaria; eta Iñigo Reta Moreno Ikasleen Kontseiluaren izenean.

Jardunaldi hauen bidez agerian utzi nahi da Nafarroako Unibertsitate Publikoak duen konpromisoa bere jardueren kalitatearekin eta bikaintasunera bideratutako ereduaren jarraipenarekin. Egitaraua hainbat modulutan zatitu da eta, horietan, honako hauek aztertuko dira: Kalitatearen Barne Kudeaketarako Sistema (KBKS) eta haren aplikazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren politiketan; eskumenen ebaluazioa; NireIkasgelategiaren erabilera irakaskuntza berrikuntzarako zerbitzu gisa eta kalitatea kudeatzeko tresna gisa; eta titulazioen egokitzapena EUEra.

Jardunaldi hauetako programa osoa helbide honetan dago kontsultatzeko: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.