Nafarroako Unibertsitate Publikoak zabaldu du 2011-2012 ikasturteko master ofizialetan aurreinskripzioa egiteko epea. 27 titulaziok osatzen dute eskaintza, eta horietatik lau berriki sortutakoak dira. Aurreinskripzioak Interneten egin daitezke, Unibertsitatearen webgunearen bidez, heldu den maiatzaren 20ra arte.
Onartutakoen zerrendak ekainaren 10ean argitaratuko dira, eta matrikula ekainaren 20tik 25era bitartean egin behar da. Ikaspostuak libre gelditzen diren masterretarako, unibertsitateak aurreinskripziorako bigarren epea zabalduko du uztailaren 18tik abuztuaren 19ra bitartean. Aurreinskripziorako eta matrikularako egutegi osoa unibertsitatearen (www.unavarra.es) webgunean dago ikusgai.
Berrikuntza gisa, Unibertsitatearen graduondo ofizialen eskaintzan lau master berri sartu dira, eta dagoeneko horietako bi Unibertsitateen Kontseiluak egiaztatu ditu eta Nafarroako Gobernuak onetsi. Izan ere, Unibertsitate Masterra Lan arriskuak Aurreikustean, 25 ikaspostu eskaintzen duena eta bi seihileko irauten duena, eta Unibertsitate Masterra Lurzoruen eta Uren Kudeaketan, 40 ikaspostu eskaintzen duena eta hiru seihileko irauten duena, unibertsitateartekoa dena eta Bartzelonako Unibertsitateko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen parte-hartzearekin oso-osorik Lleidako Unibertsitatean (koordinatzailea) ematen dena.
Aurreinskripziorako zabaltzen diren beste bi master berriak Unibertsitateen Kontseiluak ANECAren bidez egiaztatzeko eta ondoren Nafarroako Gobernuak onesteko zain daude, baina aurreikuspena da 2011-2012 ikasturtean abian jarriko direla. Horiek dira Unibertsitate Masterra Ekonomiako Konputazio Tekniketan (20 ikaspostu eta bi seihileko), eta Unibertsitate Masterra Ekonomia eta Finantza Analisian (30 ikaspostu eta bi seihileko). Ekonomiaren eremuko eskaintza osatzen da ikasturte honetan jada ematen den Enpresen Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketan Unibertsitate Masterrarekin.
Jakintzaren beste eremu batzuetan, Unibertsitateak jakintzagai hauekin lotutako masterrak ematen ditu: giza eta gizarte zientziekin (soziologia, bigarren hezkuntzako irakasletza, historia eta ondarea, gizarte esku-hartzea, musika gaitasunak), agronomia, elikadura eta ingurumenarekin (ingurumen agrobiologia, kimika iraunkorra, kimika sintetikoa, nekazaritzako elikagaien industrien kalitatea), osasunarekin (osasun publikoa, osasun zientziak eta erizaintzako zainketak) eta ingeniaritzekin (proiektuen zuzendaritza, ingeniaritza biomedikoa, materialak eta fabrikazioa, mekanika aplikatua eta konputazioa, matematika ikerketa, energia berriztagarriak, informatika, modelizazio matematikoa, estatistika eta konputazioa, eta komunikazioak).