Jerónimo de Ayanz y Beaumont nafarra (1533-1613) bere garaiko zientzialari handienetako bat eta eta asmakizun askoren egilea izan zen, eta asmakizun horien artean nabarmentzekoak dira lurrun makina bat eta buzo jantzi bat. Asmatzaile nafarraren izena dauka Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Elektronika eta Komunikazioetako I+G ikerketa zentroak. Hain zuzen ere orain unibertsitate honek Jerónimo de Ayanzen lana berrargitaratu du orain Nicolás García Tapiaren eskutik.
Ekitaldia Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak antolatu zuen eta Lázaro Galdiano Fundazioan egin zen. Salvador Estébanez Eraso foru gobernuaren ordezkaria aritu zen aurkezle-lanetan. Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordeak eta Nicolás García Tapia liburuaren egileak aurkeztu zuten liburua. 1.000 aleko argitaraldia da, liburuak 269 orrialde ditu eta Jerónimo de Ayanzek asmatutako makinetako batzuen irudiak ere baditu. Jendearentzako salmenta-prezioa 35 eurokoa da, eta liburu-dendetan edo unibertsitatearen argitalpenen web-orrialdearen bidez eros daiteke.
Simancaseko Agiritegi Nagusian, Indietakoan (Sevilla), Agiritegi Historiko Nazionalean eta Nafarroako hainbat agiritegitan aurkitutako dokumentuen bidez, Nicolás García Tapia Valladolideko Unibertsitateko katedradunak Jerónimo de Ayanz y Beaumonten bizitza eta lana gertaberritu ditu. Gure pertsonaia Guendulaingo jaurrerian jaio zen 1553an, familia noble baten barruan. Bizitzan zehar hainbat jarduera egin bazituen ere —politikaria, militarra, musikaria, geografoa, margolaria, idazlea eta enpresaburua izan zen—, asmatzaile gisa nabarmendu zen: lehen lurrun makinatik hasi eta minerala erauzteko sistema berrietara, edota doitasun handiko balantzak, urpeko buzo jantzi bat ere asmatu zuen, eta Felipe III.aren aurrean probatu zuen horren funtzionamendua.
Felipe II.aren morroi izendatu zuten 14 urte zituela, hainbat gudutan parte hartu zuen eta Calatravaren Ordenako Zaldun izendatu zuten 26 urte zituenean. Gero, hainbat kargutan egon ondoren, Espainiako erresumako meategien Administratzaile Nagusi izendatu zuten, eta 500dik gora meategi bisitatu zituen, bai eta minerala erauzteko eta ura ateratzeko sistemen asmakuntzan sakondu ere.
Bere asmakizun deigarrienen artean nabarmentzekoak dira urpeko kanpaiak eta urpeko jantzi bat, airea berritzea ahalbidetzen zuen hodi giltzatuko sistema bat zuena. Liburuaren egilearen iritzian, lurrun makinari mende bat aurreratu zitzaion Jerónimo de Ayanz, 1606an makina bat garatu baitzuen Guadalcanaleko meategietatik (Sevilla) ura ateratzeko.
Elektronika eta Komunikazioetako I+G zentroa
Jerónimo de Ayanzen izaera ikertzaile eta berritzailearen oroimenez eta omenez, haren izena jarri zion Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2009an Elektronika eta Komunikazioetako I+G Zentroari. Zentro honetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arloan teknologia besteratzeko proiektuak garatzen ditu. Espazio fisiko honetan, enpresetako eta Unibertsitateko ikertzaileek eta teknikariek elkarrekin jardun dezakete, konfidentzialtasun baldintza hoberenekin I+G+b proiektuetan.