Joan eduki nagusira

zoom Aktoreetako batzuk antzezlanean.

Aktoreetako batzuk antzezlanean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Taldea hautatua izan da “Presas” lanarekin parte hartzeko Festival D’Hiver lehiaketaren XI. edizioaren finalean. Pariseko HEC Unibertsitateak antolatzen du nazioarteko ikasleen antzerki lehiaketa hau. NUPeko Antzerki Taldea Sarajevoko (Bosnia), Belgradoko (Serbia), Pariseko (Frantzia) eta Doualako (Kamerun) ikasleen beste antzerki talde batzuekin lehiatuko da. Lehiaketa otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean egingo da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkarien emanaldia martxoaren batean eskainiko da.

“Presas”, lana Ignacio del Moralek eta Verónica Fernándezek idatzita dago, eta, bertan, frankismo garaiko kartzela bateko zortzi emakumeren, eta bi emakume zaindariren eta gizonezkoak diren beste lau pertsonaiaren historia kontatzen da. Lanaren zuzendaria Óscar Orzáiz da, eta lan honekin omenaldia egin nahi zaie gerraosteko miseriak pairatu dituzten pertsona guztiei, eta, bereziki, emakumeei, gorrotoak, miseriak, mendekuak, hotzak eta, batez ere, hainbeste irrikatutako askatasunak markatutako bizitza pairatu behar izan dutenei.

Lan hau Unibertsitateko Nazioarteko Antzerki Erakusketan antzeztu zen iaz Ourensen, eta Caceres, Zaragoza edo Burgos hirietan ere bai. Bihar, otsailaren 10ean, ostegunarekin, (UPV-EHU)ko Donostiako campuseko Ikasgelategian aurkeztuko da antzezlana. “Presas” lana Iruñean aurkeztu zen 2010eko maiatzean Gayarre Antzokian, NUPek antolatzen dituen kultura jardueretako ikasturte amaierako galarekin batera.

Festival D’Hiver lehiaketaren bidez, frantziar ikusleei aukera eman nahi zaie azken aldi honetako ikasleen antzerkigintzan egin diren lan hoberenak ezagutzeko. Profesionalez eta ikaslez osatutako epaimahaiak sariak ematen dizkie zuzendari hoberenari, gizonezko aktore hoberenari eta emakumezko aktore hoberenari. Gainera, jantzigintza, argiztapena eta soinua bezalako muntaiaren alderdi zehatzei buruzko sari berezi bat ematen da. “Guretzat sari hoberena hau bezalako jaialdi ospetsuan parte hartzeko hautatuak izatea da” adierazi du Óscar Orzaiz NUPeko Antzerki Taldeko zuzendariak.

Lehiaketan parte hartuko duten beste taldeak Belgradoko Letren Fakultateko, Sarajevoko Arte Eszenikoen Akademiako, Paris-Sud Unibertsitateko eta Kamerungo hiri populatuena den Doualako I’Enieg Ikuskizunen Elkarte Kulturaleko ikasleak dira. Jaialdiaren aurreko edizioan Espainiako ordezkari bakarra Madrilgo Unibertsitate Autonomoa izan zen.

50 lagunetik gorako taldea

Uniberstitateko Antzerki Taldea berrogeita hamar lagun baino gehiagok osatzen dute, eta 2004an sortu zenetik zazpi lan taularatu ditu guztira. “Plan Lisístrata”, “Arsénico por compasión”, “Cuadros de amor”, ”Humor al fresco”, “Aleluya por un héroe”, “Yerma”, “Presas” eta “La última vez que…”, dira egin dituzten lanak; izan ere, azken biak 2010-11 ikasturtean egin dira.

Taldean parte hartzen duten ikasleek prestakuntza eskolak hartzen dituzte larunbatetan honako arlo hauetan: gorputz adierazpena, ahots teknikak, erritmoa, inprobisazioa, dantza eta koreografia, interpretazioa edo makillajea. Gainera, urtero bi lan egiten dira, bat esperientzia gehien duten ikasleekin, eta beste bat esperientzia hartzeko eta antzerkiaren teknika lantzeko balio izaten duena.