Guztira, 70 ikasle atzerritarrek, 46 emakumek eta 24 gizonek, ikasiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2010-11 ikasturteko bigarren seihilekoan. Horiek guztiek nazioarteko mugikortasuneko programetan parte hartzen dute, eta gaur asteartean, otsailaren 8an, harrera egin die Javier Casalí Sarasíbar Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak. Ongi etorria emateko ekitaldia 13:00etan izan da, Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, eta ondotik janaurreko bat eskaini da. NUPen ikasi nahi duten 70 gazte horietatik, 55 Iruñean daude dagoeneko; gainerakoak datozen egunetan iritsiko dira.
Ikasle horietatik ia erdiek, 29 baitira, Erasmus programan parte hartzen dute; gainerakoak ondoko hauen artean banatzen dira: Virrey Palafox (16), ISEP nazioartekokoa (14) eta Estatu Batuetako eta Australiako unibertsitateekin egindako aldebiko hitzarmenak (19).
Osotara, 16 herrialdetatik etorri dira ikasleak. Ikasle gehien bidali dituztenak dira Estatu Batuak, (guztira 18 ikasle), eta Bulgaria eta Mexiko (bakoitzak zortzi ikasle); gero datoz Frantzia (7) Italia (5), Australia, Brasil eta Txile (4), Alemania, Portugal eta Hungaria (2), eta Eslovakia, Lituania, Polonia, Peru eta Argentina (1).
Gazte horiek Graduko ikasketak egitera etorri dira, bat izan ezik, ondoko honetan matrikulatu dena: Unibertsitate Masterra energia Beriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa. Ikastegien arabera, talde ugariena Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko titulazioetan dago (23 ikasle), eta ondotik datoz Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea (19) eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (15). Gainera, hamar gaztek Zuzenbidea ikasiko dute Zientzia Juridikoen Fakultatean, beste bi Erizaintzan matrikulatu dira, Osasun Ikasketen Eskolan, eta beste bat Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan.