Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Fernando Martínez, Ignacio Milagro, José Ramón Alfaro eta Cristina Zoco.

Ezkerretik eskuinera, Fernando Martínez, Ignacio Milagro, José Ramón Alfaro eta Cristina Zoco.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu du Tuterako Esperientziaren Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkartearekin. Bien artean zabalpeneko irakaskuntza jarduerak, ikastaroak eta mintegiak garatzea da aipatu hitzarmenaren xedea. Ekitaldia otsailaren 5ean, larunbata, egin zen, eta bertan izan ziren José Ramón Alfaro jauna, Tuterako Campuseko errektoreordea, Cristina Zoco andrea, Tuterako Campuseko Esperientziaren Gelaren arduraduna, eta elkarteko bi kide hauek: Ignacio Milagro jauna (diruzaina) eta Fernando Martínez jauna (mahaikidea).

Bien erakundeen artean zabalpeneko irakaskuntza jarduerak, ikastaroak eta mintegiak egitea aurreikusten du hitzarmenak. Halaber, lankidetzan jardungo dute beren jardun-eremuetako pertsonak prestatzen, aisialdiko jarduerak sustatuko dituzte, eta unibertsitate komunitateko kideen eta elkarteko kideen arteko elkarreragina bultzatuko dute. Lankidetza eremu eta arloak, bai eta proiektu bakoitza burutzeko moduak, baldintzak eta prozedurak ere, bien arteko erabakiaz zehaztuko dira hitzarmen berariazkoetan.

zoom Jardunaldiko parte-hartzaileen irudia.

Jardunaldiko parte-hartzaileen irudia.

Esparru-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, eta denbora-tarte berdinetarako luzatu ahal izango da, sinatu duten alderdietako batek ez badu denuntziatzen amaiera-eguna baino hiru hilabete lehenago gutxienez ere. Hitzarmenak aurreikusten du batzorde bitariko parekide bat eratzea, erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatua, eta onesten diren hitzarmen berariazkoak jarraitu, kontrolatu eta koordinatzeko ardura izango du.

Tuterako Esperientziaren Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkarteak antolatu zuen eta Tuterako Campuseko NUPen eraikineko Ekitaldi Aretoan garatu zen kultura jardunaldi batean sinatu zen hitzarmena. 70etik gora pertsonak parte hartu zuten jardunaldian, eta José Ramón Alfaro jaunak, Tuterako Campuseko errektoreordeak, egin zuen aurkezpenarekin hasi zen. Gero, Pedro Ursuak Amazonasen barna egindako bidaldiari buruzko hitzaldia eman zuen Juan Carlos Ochoa Esperientziaren Gelako irakasleak. Solasaldiaren ondoren, parte-hartzaileek janaurrekoa izan zuten.

70etik gora kide

Tuterako Esperientziaren Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkartea 2010eko maiatzean eratu zen, eta 73 kide ditu. Erakunde honen helburua da Esperientziaren Gelako ikasketak amaitzen dituzten ikasleen prestakuntzari jarraipena ematea arte, filosofia edo literatura garaikidearekin lotutako unibertsitate zabalpeneko ikastaroen bidez. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko Esperientziaren Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkarteak duela bi urtez geroztik garatzen duen esperientziaren antzekoa da.