“Txinako erretratuak 1875-1945. Britainiar Bildumetako argazkiak” erakusketa ikusgai egongo da Sario eraikinaren sarreran heldu den otsailaren 28ra arte. Bristolgo Unibertsitateak eta Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sareak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa partaide duenak, antolatu dute erakusketa.
Erakusketa honetan 50 argazki biltzen dira, non erakusten diren Txinako inarrosaldi horretako gertaera politikoak eta eraldaketa ekonomikoak, eta asiar herrialde horretako bizitza sozialeko irudiak. Profesionalek eta argazkizaleek egin zituzten argazkiak eta, askotan, Mendebaldeak Txinari buruz duen ikuspegia erakusten digute.
XIX. mendearen azken herenetik XX. mendearen erdialdera arte milaka atzerritar pasatu ziren asiar herrialde erraldoi horretatik merkatari, soldadu, mendebaldeko potentzien kontzesioetako funtzionario edo, besterik gabe, bidaiari gisa, eta argazkiak beraiek egin zituzten, edota erosi, beren begiek ikusi zuten Txinaren argazkiak. Argazki horiek Mendebaldeko liburutegietan eta bilduma publiko eta pribatuetan gorde ziren –bereziki Britainia Handian-, eta hortik berreskuratu dira orain Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagoen erakusketa osatzeko.
Erakusketa hau Historical Photographs of China proiektuaren parte da, Bristolgo Unibertsitateko, Lincoln Unibertsitateko eta Lyongo Ekialdeko Asia Institutuko irakasleen arteko lankidetzaren emaitza da. Helburua da gehienbat bilduma pribatuetan dauden Txina modernoaren irudien bildumetako argazkiak aurkitzea, artxibatzea eta zabaltzea.
Erakusketa martxoan Barañaingo etorbidea z/g helbidean den Osasun Zientzien eraikinean egongo da heldu den martxo osoan eta, apirilean, Tuterako campusean ikusi ahalko da.