Joan eduki nagusira

zoom Alfredo Ursúa Rubio

Alfredo Ursúa Rubio

Alfredo Ursua industria ingeniaria da. Bere doktoretza tesian modu efizienteagoak ikertu ditu hidrogenoa iturri berriztagarrien bidez sortzeko. Hain zuzen ere, ekipo elektroniko bat garatu du, energia efizientzia % 11 handiagoa bihurtzen duena, hidrogenoa elektrolisi alkalinoaren teknologiaren bidez sortzeko prozesuan. Berak azaltzen duenez teknologia hori "industrian garatuena eta erabiliena da, eta horregatik abiapuntu hoberenean dago energia berriztagarriekin integratzeko".

Bere doktoretza tesia, “Hidrogenoa sortzea elektrolizatzaile alkalinoen bidez: modelatu elektrokimikoa, elektrizitate iturriak eta energia berriztagarriekin integratzea” izenburukoa, Pablo Sanchis Gúrpide NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak zuzendu du. Bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Hidrogenoaren teknologiak oinarrizko elementutzat jotzen dituzte, epe ertainera eta luzera, iturri berriztagarrietan oinarrituko den energia eredu iraunkorrago bat garatzeko. Ikertzaileen lanak, gaur egun, hiru arlo hartzen ditu: Nola sortu, nola biltegiratu eta nola erabili behar den hidrogenoa. “Badira hainbat modu hidrogenoa baliabide naturalak (fosilak, biomasa, ura, eta abar) erabiliz sortzeko, baina gaur egun hidrogeno iraunkorra kantitate handian sortzeko modu bakarra uraren elektrolisia da (ura oxigeno eta hidrogenoan deskonposatzen duena), energia iturri berriztagarrietan oinarrituta.

Acciona Energía eta Ingeteam enpresek batera finantzatu duten ikerketa horretan, Alfredo Ursuak merkataritzako elektrolizatzaile alkalino bat erabili du, baina hura ekipo elektroniko berri batek elikatu du. “Lan honetarako bereziki diseinatu eta egina da; eta potentzia kontrolatua eman dezake, anplitude eta aldakortasun hein handi batean”. Honek ahalbidetu dio bere tesiaren lan-lerroak saiakuntzaren bidez balidatzea.

Lorpen handienetako bat izan da modelo elektrokimiko oso bat, berria, garatzea. Haren bidez iragarri ahal da elektrolisi moduluaren portaera elektrikoa funtzionamenduko edozein egoeratan (funtzionamendu iraunkorrean edo iragankorrean). Gainera, egileak dioenez, modeloak aukera asko eskaintzen die fabrikatzaileei elektrolizatzaileak berriro diseinatzeko, eta gailu horien kontrolaren eta kudeaketaren estrategiak optimizatzeko.


Efizientzia % 11 handiagoa


Ikerketaren beste alderdi aipagarri bat izan da eloktrolisi sistemen energia efizientzia aztertzea, hain zuzen ere, elektrizitatearen kontsumoa murriztea, baina hidrogenoaren ekoizpena murriztu gabe.. “Guztiz garrantzitsua da elektrizitate iturri egokia aukeratzea, sistema osoaren efizientzia maximizatzeko. Guk garatu dugun ekipo elektronikoaren efizientzia, adibidez, % 11 handiagoa da merkataritzako elektrolizatzailearen fabrikatzaileak ematen duen elikadura iturriarekin alderatuta”.

Ursúa Rubiok, halaber, elektrolisi sistemak energia berriztagarriekin integratzeko lana garatu du. Alde batetik, frogatu du elektrolizatzaile alkalino bat bideragarria dela sistema eoliko eta fotovoltaikoek izan ohi dituzten funtzionamendu erregimenen baldintzetan elikatzen badira. Beste alde batetik, hainbat estrategia proposatu ditu elektrolizatzaile alkalinoak kudeatzeko (hala sistema fotovoltaiko batean nola eoliko batean), eta horrela lortu du elektrolisi unitateen balio-bizitza luzatzea eta energia isurketak murriztea.

Alfredo Ursúa San Adriangoa da (Nafarroa). Industria Ingeniari titulua lortu zuen NUPen, 2004an, eta Ikasketen Amaierako Proiektu Onenaren saria eman zion Nafarroako Industria Ingeniarein Elkargoak. Horrez geroztik NUPekin lotuta egon da, eta bertako hainbat titulaziotan irakatsi du. Ingeniaritza Elektrikoa, Potentziazko Elektronika eta Energia Berriztagarriak (INGEPER) Ikerketa Taldean lan egin du, honako arlo hauetan: elektrizitatea sortzea energia berriztagarrien bidez, sarean integratzea, potentziaren elektronika eta hidrogenoaren teknologiak. Hamarna artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifiko garrantzitsuetan eta 20tik gora komunikazio Espainiako eta nazioarteko biltzarretan. Nazioarteko 2 patenteren egilea da eta parte hartu du I+G 25etik gora proiektutan, enpresek eta erakude publikoek finatzatuetan; haietariko seitan ikertzaile nagusia izan da.