Batxilergoko 62 ikasle guztira lehiatu dira gaur, ostirala den urtarrilaren 21ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian egin den Espainiako 52. Matematika Olinpiadaren eskualdeko fasean. Matematika Saileko irakasleek antolatutako probetan Nafarroako hamazazpi ikastetxetako ikasleek parte hartu dute. Horietako zortzi publikoak ziren eta gainerakoak pribatuak. 62 parte-hartzaileetan 42 mutiko eta 20 neskatiko ziren.
Fase honetan sailkatzen diren lehenengo hiru ikasleek Hezkuntza Ministerioaren Hezkuntza Sustapenaren eta Beken Azpizuzendaritzaren sari bana jasoko dute eskudirutan (380 euro, 285 euro eta 220 euro hurrenez hurren) eta Unibertsitateko Matematika Sailaren opariak. Gainera, nazioko fasean parte hartzeko aukera izango dute, aurten NUPek antolatuta Iruñean egingo dena martxoaren 24tik 27ra.
Gaur goizean egin diren probetan ikasleek matematikako edo buru-argitasuneko hainbat problema ebatzi behar izan dituzte. Olinpiadako antolatzaileek izendatutako epaimahaiak ebaluatuko ditu erantzunak. Ezin izaten da kalkulagailua erabili proban; bai, ordea, marrazketako tresnak, hala nola erregela eta konpasa.
Bestalde, gogorarazi behar da nazioako fasean sailkatzen diren lehenengoek Herbeheretan egingo den Nazioarteko 52. Matematika Olinpiadan parte hartuko duen taldean parte har dezaketela 2011ko uztailean. Era berean, irailean Costa Rican egingo den Iberoamerikako Matematika Olinpiadara joan ahalko dira.
Lehiaketa
Matematika Olinpiadak ikasle gazteen arteko lehiaketak dira. Lehiaketa horien helburu nagusia da Matematikaren azterketa sustatu eta zientzia hartan gazte talentudunak garatzea. Lehiaketak hiru fase ditu (tokikoa edo eskualdekoa, nazionala eta nazioartekoa), hurrenez hurren, geroz eta zailtasun handiagoa dutenak. Ez da eduki behar Matematikako ezagutza berezirik fase guztietako problemetan; aitzitik, bilatzen dena da ikaslea arrazoitzeko gaitasunaz baliatzea haiek ebazteko, alegia, egoera berriei aurre egiteko trebetasunaz, bai eta “ideia zoriontsu” izenez ezagutu ohi den horretatik pixka bat izatea ere.