Joan eduki nagusira

zoom Valero Luis Casasnovas Oliva

Valero Luis Casasnovas Oliva

Esne-ustiategiek egoera berri baten aurrean izango dira hurrengo urteetan, produkzio kostuak izango baitira ustiategi horien bilakaeraren giltzarri. Valero Luis Casasnovas Olivak Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri du bere doktoretza tesia. Aipatu tesian analizatu du esnegintza-sektorearen eskaintza potentziala produkzio askeko baldintzetan, eta aintzat hartu du, esplizituki, abereentzako elikagaien garrantzia prozesu osoan.

Egoera berri horren eragile izan dira prezioak ez jaisteko neurriak ahuldu egin direla eta Europar Batzordeak iragarri egin duela esne-kuotak behin betiko kenduko dituela. “Enpresen lehiatzeko eskaintza —aipatzen du tesiaren egileak— funtsezkoa da liberalizazio prozesu honen ondorioak ebaluatzeko eta enpresek bizirik irauteko giltzarri diren lehiatzeko faktorea zehazteko”.

Ana María Aldanondo Ochoa NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak zuzendu du bere doktoretza tesia, “Cuotas a la producción y bienes intermedios. Determinación de la oferta potencial en el sector lechero de la Unión Europea”, izenburua duena. Casasnovas Oliva Ekonomian lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitaten, bost urtez irakasle aritu da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta azken unibertsitate honetan lortu du doktore titulua. Hainbat biltzar-txosten egin ditu nazio mailako eta nazioarteko biltzarretan, eta zientzia aldizkarietan argitaratutako artikuluen egile-kidea da.

Abereentzako elikagaia da—nork bere ustiategian produzitu edo merkatuan eskuratu dezakeena— esne-ustiategien produkzio kostu nagusia, eta haien errentagarritasuna baldintzatzen du neurri handi batean. Faktore hau aintzat hartuz, tesi honen helburua da aztertzea esnegintza-sektoreak izan dezakeen eskaintza produkzio askeko baldintzetan”, azaldu du. Zehazki, bere ikerketan eredu teoriko bat eta bi ikerketa enpiriko garatu ditu Nafarroako eta Frantziako kasuetarako.

Esne-eskaintzaren eredu teorikoan kontuan izan du pentsuaren prezioaren aldaketek edo larreak izateak esne eskaintzarengan izango luketen eragina. “Ereduak islatzen du esnearen prezioen jaitsiera aurreikusteko modukoa, Europar Batzordeak esne kuotak kentzeko abian jarri duen prozesuak eragindakoa. Alabaina, pentsuen merkatuak esnearen merkatuaren orekan duen eraginak baldintzatzen ditu merkataritzaren eta ongizatearen gaineko ondorio globalak. Honek erakusten digu zeinen garrantzitsua den abereentzako elikagaiez hornitzeko iturriak aintzat hartzea, bai eta beren desberdintasunak nazioarte mailan ere esnegintza-sektorearen bilakaeran eta sektore politikako erabakiak hartzean”.


Nafarroako eta Frantziako kasuak


Esnegintzan espezializatutako nafar ustiategien datuekin, ikertzaile honek ikertu zituen bai esnearen eskaintza potentziala, bai enpresen lehiatzeko kokapenean erabakigarrienak diren faktoreak. Eskaintza potentzial malgua dagoela egiaztatzen du. Sektore honetan, ustiategiek bilakaera handia izan dute, orain handiagoak baitira eta mendekotasun handiagoa baitute ustiategietatik kanpo erositako abereentzako elikagaiekiko.

Lortutako emaitzek adierazten dutenez, “ustiategien epe laburreko errentagarritasunean giltzarri diren faktoreak dira esnearen eta abereentzako elikagaien prezioen bilakaera”, eta epe luzera, berriz, “ garrantzi berezia du eskala ekonomien presentziak; hau da, batez besteko kostuak jaistea esne-produkzioa handiagotzean”.

Nolanahi ere, azken kasu honetan, hau azpimarratzen da: "erraz mekaniza daitezkeen larreak izateak garrantzi handia du eskala-ekonomiak aprobetxatzeko eta enpresen lehiatzeko kokapena hobetzeko”.

Frantziako esnearen eskaintza potentzialari buruzko azterketari dagokionez, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea osorik aztertu du. “Faktoreen elkarreragin eta berresleipen bat dago nekazaritza eta abeltzaintza jardueren artean, halako moldez non esnearen gaineko kuota aplikatzeak eragiten du lurra beste jarduera batzuetarako erabiltzen dela eta kuoten ondorio murriztaileak baldintzatzen ditu”. Horretaz gainera, emaitzek erakusten dute “esnearen eskaintza potentzial bat, prezioen aldaketarekin zerikusi gutxi duena, eta lurrarekiko kuoten administrazio-harremanarekin lotzen dena”.

Casasnovas Olivak azaldu duenez, “mugatze horrek justifikatzen du Frantziarentzat lortutako errenta kuota murriztua, bai eta Frantziako ustiategiak produkzio handiagoko eta pentsuekiko mendekotasun handiagoko eredu batera bakarrik partzialki hedatu izana ere“.