60tik gora enpresa atxiki zaizkio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak joan den urrian abian jarri zuen Leialtasun Planari. Plan honen helburua da nabarmentzea Fundazioak azken hamarkadan eratu duen harreman sarea Nafarroako ekonomia eta gizarte sareko enpresa, erakunde eta profesionalekin, bai eta haiekin elkarlana sendotu, hobetu eta areagotzea ere.
Leialtasun Planari atxiki zaizkion firmen artean daude Nafarroako autogintzaren, energia berriztagarrien, finantzen, nekazaritzako elikagaien edo lan publikoen sektoreko enpresa nagusietako batzuk.
Planak enpresa horiei Unibertsitate-Gizarte Fundazioan izena emateko aukera eskaintzen die, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duten harremanean hainbat onura izateko bidea emango diena. Lehen fase batean, abantaila horiek Fundazioko kideak diren enpresa horiek beste enpresa batzuekin edo NUPekin berarekin dituzten harremanak sendotzeko topaketen antolaketan gauzatuko dira; enpresa aurkezpenen antolaketan azken ikasmailetako ikasleentzat; edo profesionalen neurriko prestaketan prezio berezietan.
Programak aurreikusten du baita NUPeko gelak lagatzea ere ekitaldiak antolatzeko, informazio aldizkari bat jasotzea edo enpresa horietako bakoitza aipatzea urteko txostenean eta erakundearen web-orrialdean. Horrela, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak Erkidegoko eragile ekonomiko eta sozialekin egungo edo etorkizuneko lankidetza hobetu eta agerian jarri nahi du, elkarren ezagutza sustatuz eta NUPek informazio eta koordinazio zentroa sortuz Nafarroan berarekin harremanean jardun nahi duten erakundeentzat, hobeto garatu, gizarteratu eta Nafarroako ekonomia hobetzeko asmoz.
Ekimen honetan parte hartu nahi duten enpresa eta erakundeek izena eman ahalko dute Fundazioaren (http://www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad/) webgunean eskura daitekeen atxikitze-buletin baten bidez. Bertan, besteak beste, azaltzen dira Leialtasun Plan honen helburuak eta izena eman duten enpresen zerrenda ere kontsulta daiteke. Interesdunek argibide gehiago eskatu ahalko dituzte fidelizacion.fundacion@unavarra.es helbidearen bidez.
Topaketak, prestakuntza eta aurkezpenak
Fundazioko kide diren enpresek erakundeak eskaintzen dituen hainbat abantaila edukiko dituzte. Izan ere, horietako bat izango da topaketak antolatzea jakintza arlo komunetan lankidetzan aritzeko interesa duten irakaskuntza arduradunekin eta ikerketa taldeekin. Topaketa horiek NUPen edo lan zentroetan egin ahalko dira.
Era berean, Fundazioak aurkezpenen antolamendua kudeatzen du, beren erakundea ezagutzera emateko eta azken ikasmailetako ikasleei praktika profesionalak eskaintzeko interesa duten enpresentzat. Aurkezpenak egin daitezke Unibertsitatean bertan edo enpresen lan zentroetara bisitak antolatuz.
Fundazioaren beste lan arloetako bat profesionalak neurrira prestatzea da. Kasu honetan, plan honetan izena ematen duten enpresa edo erakundeek deskontua izango dute Fundazioak bereziki profesionalei zuzenduta antolatzen dituen ikastaroetan izena emateko prezioan. Gainera, kideak diren enpresek eskubidea izango dute Fundazioaren gelak eskatzeko, eta aukera badago, erabiltzeko, adibidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei hautaprobak egiteko edo lan bilerak egiteko.
Ekimen honetan parte hartzen duten enpresa eta erakundeak Fundazioaren webgunean azalduko dira, erakunde horrek duen webgunearen esteka baten bidez. Horrela, jakitera emango dute Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan ari direla eta Erantzukizun Sozial Korporatiboaren (RSC) alde apustu sendoa egiten dutela. Era berean, Fundazioko kide gisa azalduko dira urteko jardueren txostenean.
Azkenik, Fundazioak enpresa hauek NUPi eta kideak diren enpresei buruzko berriak ematen dituen buletin elektroniko baten bidez informatuta edukitzeko asmoa du. Horrela informazio eguneratua izango dute beste erakunde batzuei buruz eta Fundazioari buruz (profesionalak prestatzeko eskaintza, titulu berekiak, enpresa berrikuntzarako mintegia, etab.).