Joan eduki nagusira

zoom Rosa Ana Pérez Herrera

Rosa Ana Pérez Herrera

Rosa Ana Pérez Herrera Telekomunikazio ingeniariak hainbat laser diseinatu eta garatu du. Laser horiek zentimetro batzuetatik 50 kilometrora bitarteko luzerak dituzte eta zuntz optikozko sentsoreen esparruan aplikatzeko dira. Teknologia honen garapenak bidea ematen du erraz neurtzeko tenperatura bezalako parametroak edo hainbat gas mota antzemateko urrutiko distantzietan. Bere doktoretza tesiaren oinarria izan den lan honek Europako aipamena duen Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Zuntz optikoa datu sareetan erabili ohi den transmisiorako baliabidea da. Beirazko edo material plastikozko oso hari meharra da eta hari horretan zehar transmititzen diren datuak adierazten dituzten argi-pultsuak igortzen dira.“Zuntz optikozko laserrak —azaldu du tesiaren egileak— garrantzi handiko berrikuntza teknologiko bat dira, ikerketa laborategietatik berehala pasatzen ari dena industriako hainbat aplikazioetara“.

Aurreko hamarkadan merkaturatzen hasi ziren mota honetako laserrak, gaur egun hainbat esparrutako aplikaziotan aurki daitezke; esaterako, kontsumorako elektronikan, telekomunikazioetan, medikuntzako diagnostikorako metodoetan, zientziaren esparruan osagaiak eta materialak ezaugarritzeko, edo arlo industrial eta militarreko soldadura edo ebakitze sistemetan.

“Diseño y caracterización de sistemas para la multiplexación en longitud de onda de sensores utilizando amplificación óptica” izenburuko doktoretza tesia NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektroniko Saileko Manuel López-Amo Sainz katedradunak zuzendu du. Ikerketan hainbat laser diseinatu eta saiakuntza bidez frogatu dira zuntz optikozko sentsoreetan aplikatzeko. Laserrek zentimetro gutxi batzuetatik 50 kilometrora bitarteko luzerak dituzte. “Horrela, gure laserren argia sartuz zuntz optikozko sentsoreetan erraz neur daitezke tenperatura edo tentsioa bezalako parametroak, edo hainbat motatako gasak antzeman bai hurbileko bai urrutiko distantzietan, bereizmen handiarekin”, azaldu du Pérez Herrerak.

Aztertutako konfigurazioen helburu nagusia irteera-potentziaren fluktuazioak murriztea izan zen, zuntzezko lerro anitzeko laserraren kalitatea hobetzeko xedez. Ikerketa honetan garatutako laserrak bai telekomunikazioetan bai sentsoreen multiplexazio sareetan erabil daitezke.

Bere ikerketa lanean, Rosa Ana Pérezek, anplifikazio optikoa erabiltzen duten sentsoreen multiplexazio sare berriak ere garatu ditu. Proposatutako konfigurazioen artean nabarmenena da sare handiagotuen diseinua, sare horiek gai baitira berkonpontzeko zuntz optikoak eta autorreferentziazio teknikek huts egiten dutenean, “sentsoreek eragindako galerak eta sisteman nahi gabe gertatzen diren fluktuazioak bereizteko eta, horrela, sarean gerta daitezkeen eragozpenen aurrean, sentsoreen sare seguruagoak eta sendoagoak lortu ahal izateko”.

Rosa Ana Pérez Herrerak Telekomunikazio Ingeniaritza titulua erdietsi zuen 2004. urtean Kantabriako Unibertsitatean. Gaur egun irakasle laguntzailea da NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektroniko Sailean, eta erakunde honi lotuta dago 2005. urtetik, Ikertzaileak prestatzeko doktoretza aurreko beka jaso zuenetik, alegia. Ikerketa egonaldiak egin ditu Oportoko Unibertsitatean, Londreseko Unibertsitateko Matematika Zientziak eta Ingeniaritza Eskolan, eta Parmako Unibertsitatean. Zientzia ekoizpenari dagokionez, 18 ekarpen egin ditu hainbat herrialdetan egindako biltzarretan, eta 12 argitalpen ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan.