Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ateak zabaltzeko hiru egun antolatu ditu heldu den udaberrirako (bat Tuterako campusean, 2010eko martxoaren 26an, larunbata, eta bi Iruñeko campusean, apirilaren 2an eta apirilaren 9an, biak larunbatean). Egun horietan, erakundeak orientazio-hitzaldiak emango ditu 2011-2012 ikasturterako eskainiko dituen 16 Graduei buruz. Egun hauek hurrengo urtean Unibertsitatean sartu nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatu dira. Ateak Zabaltzeko Egunak Aurreinskripzio Astea baino pixka bat lehentxeago egingo dira. Aste horretan, apirilaren 18a eta 20a bitartean, unibertsitateko ikasketak egin nahi dituztenek modua izango dute interneten bidez aurreinskripzioa egiteko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2011-2012 ikasturteko irakaskuntza-eskaintza aurkezteko berriki egin duen ekitaldian, datu hauen berri eman zitzaien Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendari eta orientatzaileei. Lan-saio hartan parte hartu zuten Camino Oslé Guerendiain andreak (Gizarte eta Kultura Proiekzioa) eta Jesús María Pintor Borobia jaunak (Irakaskuntza).
Hitzaldiak bi campusetan
Ikastegi eta titulazioek antolatu dituzte Ateak Zabaltzeko Egunak, eta bai ikasle eta bai gurasoek parte hartzeko aukera dute. Halaber, hainbat karreratako informazio-hitzaldiak eta unibertsitateko instalazioetara bisitak egiten dira egun horietan, bereziki laborategi eta lantegietara, ingeniaritzen eta osasun arloko karrerei dagokienez.
Horretaz gainera, Iruñeko campusean, apirilaren 2 eta 9an, biak larunbatean, Ikasleentzako Argibide Bulegoa (Ikasgelategiko beheko solairua) goizez irekita egongo da bertaratzen direnen zalantzak argitu edo haien galderei erantzuteko gai hauei buruz: egoitza, aurreinskripzioa, bekak, matrikulazioa, titulazioak, etab. Gauza bera egingo da Urkiak Unibertsitate Egoitzan, apirileko lehen bi larunbat horietan bisitatzeko modua izango baitute interesa dutenek.
Tuterako campusari dagokionez (Tarazonako etorbidea, z/g), martxoaren 26an, larunbata, bertan ematen diren bi titulazio hauek ezagutzeko interesa duten pertsonak hartuko ditu: Fisioterapia Gradua eta Ingeniaritza Gradua Diseinu Mekanikoan.
Ateak Zabaltzeko egun hauek astebete geroago –apirilaren 2a, larunbata– izango dute jarraipena Iruñeko campusean, lau unibertsitate ikastegitako titulazioei buruzko hitzaldiekin. Zehazki, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolak saio bat egingo dute batera, Erizaintza eta Fisioterapia aurkezteko. Horretaz gainera, Zuzenbide Graduaren eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak Graduaren berri emango du Zientzia Zuzenbide Juridikoen Fakultateak. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak bi informazio saio antolatuko ditu: bat, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduetarako eta beste bat, Soziologia Aplikatuko eta Gizarte Laneko Graduetarako.
Azkenik, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak titulazio hauek ezagutaraziko ditu: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ), Ekonomia, Zuzenbideko eta EAZko titulazio bikoitza eta Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Nazioarteko Programak (elebidunak).
Hurrengo larunbatean, apirilaren 9an, informazio-bilerak egingo dira Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (Gradua Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan) eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioei buruz. Azken kasu honi dagokionez, interesa dutenek informazioa izango dute gradu hauei buruz: Ingeniaritza Elektromekanikoa, Industria Teknologien Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritza eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza, Tuterako campusean ematen dena.
Aurreinskripzio Astea
Ateak Zabaltzeko Egunak Aurreinskripzio Astea baino pixka bat lehentxeago egingo dira. Aste honetan aurreinskripzioa egiteko epea apirilaren 18an hasi eta 20an bukatuko da. Data horietan, Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitzen dituzten ikasleek (bai Batxilergokoa eta bai Goi Mailako Graduko Prestakuntza Zikloak ere) Interneten bidez dute aurreinskripzioa egiteko modua Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2011-2012 ikasturterako.