Joan eduki nagusira

zoom Errektorea, erdian, hitzarmena sinatu duten entitateen ordezkariekin eta NUPeko ikertzaileekin.

Errektorea, erdian, hitzarmena sinatu duten entitateen ordezkariekin eta NUPeko ikertzaileekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Zentroaren sorrera sustatu du. Zentroaren helburua da bere egitekoak benetako eragina edukitzea eztabaida sozialean eta gizarte politikak diseinatu eta abian jartzerakoan. Zentroaren ikerketaren ardatza ondoko gai hauek izango dira: gizarte desberdintasunak, pobrezia eta bazterketa, genero desberdintasunak eta etnienarteko harremanak, inmigrazioa eta gizarte integrazioa.

Zentroak hainbat diziplina eta espezializazio arlotako ikertzaileak izango ditu, besteak beste ondoko hauetakoak: gizarte lana, gizarte politika, soziologia, ekonomia, antropologia eta generoari buruzko ikerketak. Zentroak datorren urterako lan planean aurreikusi dituen jardueretako bat izango da txosten bat prestatzea Nafarroako desberdintasunari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruz.

Zentro hau sortzean NUPek dituen helburuetako bat da sare sozialak proiektuan parte hartzea. Horretarako, lankidetzako esparru hitzarmen bat sinatu du Nafarroako bost entitaterekin. Horiek gizarte desberdintasunen arloan lan egiten dute, lankidetza, hedapena, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzeko. Honako hauek dira entitateak: Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea, Elizbarrutiko Caritas (Iruñea-Tutera), Gaztelan Fundazioa, Nafarroako Gurutze Gorria eta Ilundain Haritz Berri Fundazioa.

Lankidetzako esparru hitzarmena atzo sinatu zuten Julio Lafuente NUPeko errektoreak eta bost entitateetako ordezkariek. Bertan egon ziren, halaber, Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordea eta Camino Osle Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea.

Entitate horiek gertutik lan egiten dute gizarte arazoekin eta egoera ahulenean dauden taldeekin, eta testuinguru sozial horren ezagutza sakona dute. Gainera, gizarte arloan lehen mailako eragileak dira eta oso leku egokian daude zentroaren ikerketen emaitzak jaso eta erabiltzeko. Hitzarmenean aurreikusita dago elkarrekin egitea ikerketa proiektuak eta prestakuntza eta hedapenerako jarduerak. Era berean, aurreikusi da ikasleek Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Zentroan master amaierako lanak egin ahal izatea aipatu gaiei buruz.

Hitzarmena sinatu duten bost entitateak laguntzaile gisa sartuko dira zentroko Zuzendaritza Batzordean. Batzorde horrek ikerketa lerroak diseinatu eta garatu beharreko jarduerak erabakiko ditu. Batzorde horretan egongo dira, halaber, Unibertsitateko ordezkariak eta ikertzaileenak. Gutxienez ere, urtero bilduko da.

Hitzarmen hau beste bati gehitzen zaio, Estatu osoan jarduten duen GKE talde batek sinatu zuena. Zehatz-mehatz, ondoko hauek dira aipatu erakundeak: Cáritas Española, Espainiako Gurutze Gorria, Foessa Fundazioa, Ijitoen Idazkaritza Fundazioa, Gizarte Ekintzaren GKEen Plataforma eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurka Borrokatzeko. Espainiako Sarearen (EAPN).


2011rako lan plana


Zentroak ezarriak ditu jadanik datorren ekitaldirako lan lerroak. Programatu diren jardueretan bereziki aipatu behar da Nafarroako desberdintasunari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko 2011ko txostena prestatzea. Txostenaren oinarriak izango dira entitateen esperientzia eta ezagutza, eskura dauden estatistiken eta bigarren mailako iturrien erabilera eta landa-lan bat, izaera kualitatibokoa.

Horretaz gain, Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Zentroak barne mintegiak antolatuko ditu datorren urtean, gaiarekin zerikusia duten ikertzaile eta profesionalekin, eta sentsibilizazio eta eztabaida publikorako jardunaldiak, desberdintasunari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruz, arreta berezia emanez krisi ekonomikoaren eraginari. Horren guztiaren osagarri moduan, zentroaren web orrialde bat jarriko da abian, eztabaida soziala hedatu eta sustatzeko.