Amaia Arriaga Azkarate Artearen Historian lizentziaduna da EHUn. Bere doktoretza tesian museoaren, artelanaren eta ikuslearen arteko lotura ikertu du, batez ere artelanen interpretazioari dagokionez. Horretarako erreferentziatzat hartu ditu Londresko Tate Britain galeriako hezkuntza praktikak eta diskurtsoak “Azterlan honek —dio egileak— laguntza eman dezake argitzeko zein den museo baten rola ikusleen iritziaren eraikuntzan, eta, halaber, kulturan ematen dituen balio, ideia eta esanahia sortzeko bide horiekiko duen erantzukizunaz jabetzeko".
Bere ikerketarako, Amaia Arriagak Tate galerietako bat hautatu zuen, “ezagunak direnak artea ulertzeko modu berriei erantzuteko proposamenak sortzen dituztelako, ikusleari protagonismo handiagoa emanez esanahien eraikuntzan. Gainera, galeria horiek garrantzia handia ematen diote betetzen duten hezkuntza eginkizunari”
Tesia, “Artearen eta interpretazioaren kontzepzioak Londresko Tate Britain galeriaren diskurtso eta hezkuntza praktiketan” izenburukoa NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Imanol Aguirre Arriaga irakasleak zuzendu du. Bikain cum laude kalifikazioa lortu du, Europako Doktorea aipamenarekin.
Alde horretatik, Tate Britain Galeriako bi ikerketa egonaldietan egindako lanaren zati bat izan zen aztertzea museoak eskola taldeentzat eskaintzen zituen jarduerak. "Horrek aukera ematen zuen behaketa eta lana egiteko prestakuntza akademiko zein lanbide esperientzia ezberdina izan duten hezitzaileekin; horrela ikuspegi orokorragoa eskuratzen da Tate Britain galeriaren estetika eta hezkuntza teoria errealitatera eramateko moduari buruz".
Amaia Arriagak analisia antolatu zuen artea ulertzeko eta artelanak interpretatzeko lau modu handiren inguruan: Artelana ikusizko irudikapen eta gertakizun gisa, eta interpretazioa identifikazio gisa; artelana aurkitu beharreko mezu gisa eta interpretazioa dekodifikazio gisa; artelana gertaera intelektual, historiko eta kultural gisa eta interpretazioa ulermen kritikorako aukera gisa, eta artelana esperientziaren materializazio gisa eta interpretazioa nortasuna eraikitzeko aukera gisa.
Artelana eta haren interpretazioa
Azkenik, bere lanaren ondorioak hiru gai nagusiren inguruan ordenatu zituen: Tate Britain galerian arteari buruz erabiltzen den ideia, bertako hezkuntza testuinguruan, diskurtsoek eta praktikek nola erantzuten dieten artelanaren interpretazioari buruzko gai nagusiei, eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen inguruko iritziak eta jarduerak.
Hain zuzen ere, arteari buruzko ideia dela eta, ikertzaileak ondorioztatzen duenez, erakundeen diskurtsoetan "arteari buruzko ideia kulturalista da batez ere"; proposamen praktikoetan eta hezkuntza jardueretan, berriz, artearen ideia ikusizkoa eta irudikapenezkoa da batez ere, eta artelana mezu baten adierazpen gisa ulertzen du”.
Artelanen interpretazioari dagokionez, hainbat ondorio aurkezten dira, besteak beste, honako hauek: "Ez dago jarrera zehatz edo behin betikorik, artelanen esanahia kokatzerakoan", "Tate Britain galeriak ahotsen eta esanahien aniztasuna sartu eta legitimatzen du, irizpide tradizionala hautsiz, baina irizpide hori, oraindik ere agertzen da jardueretan eta diskurtsoetan", edo "Galeriak ikuslearen autoritatea onartzen du artelanak interpretatzeko, baina haren ekarpen eta erantzun pertsonala ulertzeko modu ezberdinak daude".
Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari dagokionez, ondorioa honako hau da: “estrategia metodologikoa da, batez ere, aurkikuntzaren bidez ikastea, eta, beraz, ikaskuntza ematen da interpretazioa egokitzat jotzen diren esanahiekin bat datorrenean". Halaber, tesiaren egileak ohartarazten duenez, “umeari buruzko ideia errazegia edukitzea da hezkuntzarako aukerak galtzeko arrazoietako bat”.
Amaia Arriaga Azkarate Artearen Historian lizentziatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 2003an Ikasketa Aurreratuen diploma lortu zuen NUPen. Bertan egon da irakasle, hainbat irakasgaitan, 2004tik 2010eko apirilera arte. Museo hezitzaile gisa lan egin du New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan eta El Museo del Barrio izenekoan, Bilboko Guggenheim museoan, Arabako Arte Ederren Museoan eta Nafarroako Jorge Oteiza Museoa Fundazioan. Hainbat artikuluren eta liburuetako kapituluren egilea da eta parte hartu du, halaber, Espainiako eta nazioarteko biltzarretan, finantzatutako ikerketa proiektuetan eta enpresekin kontratatutako proiektuetan.
Berak dioenez, Tate Britain galerian egin duen ikerketak “datu gehiago eskaitzen ditu kulturaren eta pedagogiaren arteko lotura argitzeko, ardatza delako museoak duen eginkizun sozial eta kulturala, kultuar erakundea eta ikasteko tokia den heinean”.