Joan eduki nagusira

zoom César Elosúa Aguado, doktoretza tesiaren egilea

César Elosúa Aguado, doktoretza tesiaren egilea

César Elosúa Aguado Telekomunikazio ingeniariak Komunikazioetan doktore titulua erdietsi du zuntz optikoko sentsoreei buruz egin duen tesiagatik Bere ikerketan, mota honetako gailuak erabili ditu eta lortu du sistema bat eraikitzea, darien usainaren bidez edariak identifikatzeko gai dena. “Sistema hau ustiatzeko moduko aplikazio espezifiko bat ardoa bezalako edari alkoholdunen hartziduran izan daiteke, non prozesuaren aldi bakoitzean usain berariazkoa izaten baita” azaldu du ikertzaileak.

Usainen identifikazioa erdiesten da zuntz optikoaren gainean usainak definitzen dituzten konposatu kimikoekiko sentiberak diren materialak finkatuz, “zuntzean zehar doan seinalea aldatuz doala, material horrek usain ezberdinekin jasaten dituen aldaketen arabera“. Ardogintzan duen aplikazioaz gain, “teknologia hau erabil liteke beste hartzidura edo ontze prozesu batzuetan eta baita kutsatzaileak monitorizatzeko aplikazioetan ere“, adierazi du César Elosúak.

Bere lanaren alderdi berritzaileena da sistema osoa oinarritzen dela zuntz optikoan eta bere propietate nagusiak ustiatzen dituela: multiplexazioa (hamarka sentsoreren seinaleak igortzea zuntz bakar baten bidez) eta urrutiko sentsorizatzea, erabilgarria dena, esaterako, toxikotasunagatik arriskugarriak izan daitezkeen inguruetan. “Sistemak bidea ematen du hartzidura prozesua etengabe eta lau minutu baino denbora-tarte laburragoan kontrolatzeko —adierazi du—. Honek kontrol lana errazten du, etengabeko monitorizazioak langileen usaimena kalte dezakeelako eta ez litzatekeelako eraginkorra izango laginak hartu eta laborategira eramatea funtzionaltasun bera lortzeko”.

Garatutako sentsoreen ezaugarri horiekin, sentsoreak gehienez ere kontrol gunetik 6 kilometrora jar daitezke, “eta horri esker ez litzateke joan beharko neurtze punturaino laginak hartzera”.

Elosúa Aguado doktoreak, zehazki, zuntz optikoko sentsoreen garapena ikertu du konposatu organiko hegazkorrak (KOH) atzemateko. Izan ere, usainak osatzen dituzten hainbat konposatu dira, eguneroko produktu askotan egon ohi direnak (lakak, garbikariak, etab.), industria kimikoan eta elikagai gehienetan. Dispositibo elektronikoekin alderatuta, zuntz optikoko sentsoreen abantaila da ez dutela seinale elektrikorik behar eta, hartara, ez dutela inolako eztandarik egiteko arriskurik. Gainera, hamarka sentsoreren seinaleak igor daitezke zuntz bakar baten bidez, eta hainbat gasen neurria konbinatu eta tenperatura edo aldagai mekanikoak bezalako beste parametro batzuk ere bai.

Lurrunkromismoa

Konposatu jakin batzuk kolorez aldatzen dira substantzia baten lurrunetan jartzen direnean. Konposatu horiei konposatu lurrunkromiko izen generikoa ematen zaie. Adibidez, César Elosúak garatutako lehen sentsorea gai da piridina kontzentrazio ezberdinak atzemateko, izan ere, usain txarreko likido koloregabea baita. (Piridina purua substantzia kaltegarria da arnasten, irensten edo azalaren bidez xurgatzen bada).

Bere ikerketaren jardunak KOH batzuen kolore aldaketak erregistratzeko gai diren hainbat sentsore fabrikatzera eraman du besteak beste. Gainera, lau sentsore horiek xurgapen espektro ezberdina erakusten dute ardo beltz mota ezberdinetarako (urtekoa, ondua eta ozpina). Beste lau sentsore ere erabili zituen, zeinak komunikazio sistemetan erabili ohi den zuntz mota bat baitzuten, eta horrek multiplexatzeko lana errazten du (informazioa bideratzea zuntz optiko bakar baten bidez).

“Contribución al desarrollo de sensores de fibra óptica para detectar compuestos orgánicos volátiles y su potencial aplicación en narices opto-electrónicas” César Elosúa Aguadoren tesia NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa Saileko Cándido Bariain irakasleak eta Ignacio Matías katedradunak zuzendu dute, eta Europako aipamena duen Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.

Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan, César Elosúa gaur egun irakasle laguntzailea da Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa Sailean. 15 argitalpen ditu nazioarteko aldizkarietan eta 18 ekarpen egin ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Bere ikerketa prestakuntzan bisitak eta egonaldiak egin ditu Limericken (Irlanda) eta Londresen (Erresuma Batua), eta lankidetzan jardun du Zaragozako eta Granadako unibertsitateekin.