Ezkerretik eskuinera: Ainhoa Mendia, Alfonso Carlosena, Miguel Urabayen, Emilio Majuelo eta Jose Etxegoien
Orotz Beteluko Udalak eta Irati Bortuak elkarteak, gaur goizean aurkeztu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan “Leoncio Urabayen y el Pirineo Navarro” liburua, José Etxegoien Juanarena ikertzaileak bultzatua eta zuzendua. Bertan Miguel Urabayen kazetari eta zinema kritikariak, nafar geografo ospetsuaren seme denak, aitari buruzko azalpena idatzi du, Emilio Majuelo NUPeko irakaslearen hitzaurrea duena.
Liburuak, oraingo eta garaiko ehundaka argazkiz hornitua, Leoncio Urabayenen lanak biltzen ditu, Aurizberri, Jaurrieta eta Orotz Betelu herriei buruzkoak, eta, halaber, Real Sociedad Geográfica delakoak Madrilen, 1916an, argitaratu zion Oroz Betelu liburuaren argitalpen faksimilea.
Liburuaren argitalpen honetan lankidetza eman dutenak izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Eusko Ikaskuntza elkartea, Urabayen bazkide izan zuena, Aurizberriko Kontzejua eta Jaurrietako Udala. Aurkezpenean parte hartu dute José Etxegoien Juanarenak, azterlanaren, ikerketaren eta argitalpenaren arduraduna izan baita, Miguel Urabayen kazetariak, Ainhoa Mendia Orradre Orotz Beteluko alkate andreak, Emilio Majuelo irakasleak eta Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordeak.
Liburuak berreskuratu nahi du Nafarroak izan dituen geografo garrantzitsuenetako baten irudia. Leoncio Urabayen (Errotz 1888-Iruñea 1968) geografo modernotzat hartzen da: diziplina horren aurrerapenak eta garaiko ideia berriak ezagutu zituen, eta metodologia berritzailea jarri zuen praktikan Madrilgo Escuela de Estudios Superiores de Magisterio izenekoan ikasle egon zenean. Metodologia hori 1915ean erabili zuen karrera amaierako lanean, Orotz Betelun egina. Lan hori izan zen Madrilen 1916an argitaratutako monografiaren iturria. Aurizberriri buruzko ikerketa 1932an egin zuen, eta jaurrietari buruzkoa 1947an.
Liburuaren helburua da, halaber, Nafarroako Pirinioaren ezagutza hobetzea, Urabayenen ikerketaren bidez, alde batetik, eta beste alde batetik eskualde horri buruzko gaurko ikerketen bidez, zeinak Jose Etxegoienen lanean biltzen baitira. “Baina nafar pininioaren gaineko azterketa, oro har –dio Etxegoinek liburu honetan– datu eta azalpen orokorren bidez egin da, lurralde garrantzitsu honi buruzko ikuspegi orokor eta argirik eman gabe. Eta lurralde horren historian gaurkoa ez da oso aldi ona, despopulazioa eta desegituraketa sozioekonomikoa izanik hil edo biziko arazoak. Konponbideak aurkitu behar ditugu, edo berpizteko bideak ikusi, bederen. Espero dezagun beste Leoncio Urabayen batek laster nafar pirinioari buruzko geografia hori idaztea”.
Bere garaiko gizona
Emilio Majuelok hitzaurrean gogorarazten duenez, Urabayen “bere garaiko gizona izan zen" eta ikerketa edo kultura lanetan ez ezik, politikan eta irakaskuntzako kudeaketan ere parte hartu zuen hainbatetan. Eskola Normaleko idazkaria izan zen 1918tik 1921era bitartean, eta bertako zuzendaria 1934an, ordurako Nafarroako Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Eskola Normala izena hartu zuenean. Iruñeko Udaleko zinegotzia izan zen 1921ean, euskal nazionalismoarekin lotuta egon zenean, eta Eskola Normalean Manuel Sáez Morilla sozialistaren lankidea izan zen. Adiskidantzaz gainera, hezkuntzari buruzko antzeko idealak izan zituzten biek.
Urabayenek lan aipagarriak argitaratu zituen aldizkari hauetan: Revista Internacional de Estudios Vascos, Hermes, Boletín de la Real Sociedad Geográfica, eta Munibe, baita Espainiako eta Portugaleko beste kultura aldizkari batzuetan ere.
Leoncio Urabayenen dokumentuak eta jatorrizko lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegian daude gordeak orain, Miguel bere semeak hala erabaki baitzuen. “Eskola Normala gaur ez denez, eta hango irakaslea izan zenez –azaltzen du aitari buruzko berri laburrean-, onena izan zen material guztiaren emaitza egitea, nolabait esateko, Eskolaren oinordea den erakundearentzat, orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fakultate den horrentzat. Iruditzen zait aita pozik egongo zela bere lan guztia han gordea edukitzeaz".